Gizartea -

VENDING MAKINAK

'Vending' edo salmenta makinak, hazten ari den sektorea EAEn

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan salmenta automatikoko 15.000 makina inguru daude, eta, batez ere, edari beroak eta hotzak eta elikagaiak saltzen dituzte. Halaber, produktu "osasuntsuen" aldeko eskaria hazten ari dela diote sektoretik. Betiko negozio askok horietakoak jartzeko hautua egin dute.

Vending makinak. Irudia. EITB Media
Vending makinak
Vending makinak. Irudia. EITB Media

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salmenta makinak (vending izenaz ezagutzen dira) aspaldidanik daude gure kaleetan, eta denbora honetan kontsumitzaileak erakartzea lortu dute. Baina ba al dute etorkizunik? Eta, hala bada, betiko negozioen ordezko ala osagarri dira?

Zenbait kontsumitzailek nahiago dute denda fisiko batean erosi; eta beste batzuentzat, berriz, errazagoa da salmenta makinetara joatea.

Datu zehatzik ez badago ere, Euskal Autonomia Erkidegoan edari beroak, hotzak eta elikagaiak eskaintzen dituzten 15.000 makina inguru daude, EVE Euskadiko Vending Elkarteak emandako datuen arabera.

Salmenta makinen erradiografia

Elkarte horretatik adierazi dutenez, sektoreak hazten jarraituko du, instalatutako salmenta makinen kopurua gora egiten ari baita. Halaber, produktu "osasuntsuak" eskaintzearen aldeko apustua hazten ari dela nabarmendu dute.

Gaur-gaurkoz, marka batzuek beren negozioak makina horiekin osatzea erabaki dute, besteak beste, bezeroen beharrak asetzeko. Hori da, hain zuzen ere, Orion dagoen Kepa Loidi harategiaren kasua. Ainhoa Loidi arduradunarekin hitz egin dugu, eta berak esan digu iazko urtearen amaieran eman zutela pausoa denda itxita dagoenean ere 24 orduz zerbitzua emateko. Horren esanetan, zerbitzua ematea da helburua, dirua egitea baino gehiago.

Elikagai freskoen vending makinak: betiko negozioen ordezko ala osagarri?
Elikagai freskoen vending makinak: betiko negozioen ordezko ala osagarri?
Elikagai freskoen vending makinak: betiko negozioen ordezko ala osagarri?

2:05

Harategia astelehenetik ostegunera ixten dute arratsaldeetan, barruan haragi produktuak eta aurrez prestatutako elikagaiak egiteko. Ainhoa Loidik azpimarratu duenez, dendan gehien saldu ohi dutena jarri ohi dute erakusleihoan daukaten salmenta makinan: txistorrak, txorizoak, odolkiak, hanburgesak, enpanadak, pizzak...

Salmenta automatikoak harrera ona izan du bezeroen artean, eta, bereziki, gazteak eta adinekoak dira erabiltzaile nagusiak.

Makina horien etorkizunaz galdetuta, Loidik aitortu horien gainean egon behar dela eta denbora eskatzen dutela. Nolanahi ere, zerbitzua emateko eta jendea gustura izateko modu bat dela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Kontsumoari buruzko albisteak Nutrizio albisteak