Gizartea -
Goialdeko depresioa
Ekaitza iritsi da Euskal Herrira eta gogotik ari du euria hainbat lekuan
Ekaitzak oso gogorrak izaten ari dira lurraldeko toki askotan, batez ere Pirinioetan. Bihar Erribera eta Nafarroako erdialdea alerta laranjan egongo dira prezipitazioengatik, eta gainerako lurraldeak abisu horian.
E.G. / A.A. | EITB MEdia
Euskal Herrira iritsi den goi-geruzetako depresio isolatuak prezipitazio handiak eta tenperatura-jaitsiera ekarri ditu. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Aemetek eta Meteofrancek abisu ezberdinak aktibatu dituzte euriagatik.
Ostiral goiza eguzkitsua eta beroa izan den arren, arratsaldetik aurrera bero-hodeiak sortu dira, eta ekaitzak izan dira lurraldearen hegoaldean eta ekialdean. Prezipitazioak Arabako hegoaldetik sartu dira eta ipar-ekialdera mugitu dira, batez ere Nafarroa erdialdera eta Pirinioetara.
Ekaitzak eta zaparradak handiak izaten ari dira zenbait tokitan, Otsagabian esaterako. Hain zuzen ere, gauerdira arte, Pirinioen ingurua alerta laranjan egongo da ekaitzengatik. Lurraldearen gainerakoa abisu horian dago.
Depresioaz gain, kostaldean, marea biziak ere baditugu egun hauetan. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Segurtasun Sailak itsasaldeko arriskuagatik abisu horia jarri du arratsaldeko itsasgoran (18: 00-19: 00). Kostaldeko udalerri askotan (Erandio, Murueta eta Zumaia, adibidez) itsasoak gora egin du eta urak itsaso ondoko kale eta lursailak hartu ditu, putzuak eraginez.
Bihar, denean kaskartuko da giroa. Giro oso ezegonkorra izango da, euria edonon eta ugari egingo du, eta tenperatura dezente jaitsiko da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa abisu horipean izango dira berriro (06:00-21:00), eta ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke EAEko zenbait tokitan. Zaparrada trumoitsuak bota ditzake, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Euria zenbait lekutan iraunkorra izan daiteke eta 20-60 l/m² pila daitezke.
Nafarroako Erribera eta erdialdea, Iruñea tartean, alerta laranjan egongo da berriro euriagatik eta ekaitzengatik. Aemeten arabera, ordubetean 30 litro pila daitezke metro koadroko. Foru erkidegoko gainerako lurraldeetan, abisu horian izango dira (metro koadroko 15 litro espero dira).
Ipar Euskal Herriak abisu horipean jarraituko du, ekaitzengatik.