Gizartea -

Rubiales auzia

RFEFk barkamena eskatu du Rubialesen "jokaera onartezinagatik", eta kargugabetu egin du Jorge Vilda

RFEFko presidenteari babesa agertu eta jokalariek planto egin eta gero kendu dute kargutik emakumezkoen Espainiako futbol selekzioko hautatzailea.

Jorge Vilda
Jorge Vilda
Jorge Vilda

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) "barkamen zintzoa" eskatu die "futbolaren munduari eta gizarteari" Luis Rubiales presidentearen "jokaera onartezinagatik". Gainera, kargugabetu egin du Jorge Vilda emakumezkoen selekzioko hautatzailea, Rubialesi babesa erakutsi eta jokalariek planto egin eta gero.

Duela bi aste Espainiak Munduko Txapelketa irabazi zuenean, Rubialesek musua eman zion Jenni Hermoso jokalariari, baimenik gabe. Ondoren, FIFAk behin-behinean kargugabetu zuen.

Horren ildotik, RFEFk adierazi du espainiar gizartea "tolerantzia eta gizatasun adibidea" dela, baina "ospe" hori "zikindu" egin dela Rubialesen jokaeragatik. "Oso handia da Espainiako futbolari, kirolari eta gizarteari egin zaien kaltea", azaldu du Espainiako Futbol Federazioak.

Horregatik, nabarmendu duenez, Rubialesen jokabideak "ez ditu ordezkatzen Federazioaren balioak".

"Argi gera dadila: jokaera hura Rubialesena izan zen, ez RFEFrena. Lotsatuta eta penatuta gaude, horrek eragin duen kaltea eta mina ikusita. Sentitzen dugu ospakizunetan izan duen eragin negatiboa", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa