Gizartea -

Nazioarteko eguna

Suizidioaren aurkako plan bat eskatu dute, "isiltasunak hil eta hitz egiteak bizitzak salbatzen dituelako"

33 elkartek eta buruko osasuneko 7 adituk bat egin dute "Suizidioaren Prebentziorako Plan Nazionala" eskatzen duen adierazpen baten inguruan.

Beasarkada. Argazkia: Drazen Zigic-Freepik
Beasarkada. Argazkia: Drazen Zigic-Freepik
Beasarkada. Argazkia: Drazen Zigic-Freepik

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, irailak 10, Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Egunaren harira, Espainiako Estatuko 33 elkartek eta buruko osasuneko 7 adituk bat egin dute adierazpen baten inguruan "Suizidioaren Prebentziorako Plan Nazionala" eskatzeko, haien arabera "isiltasunak hil egiten duelako eta hitz egiteak bizitzak salbatzen dituelako".

Elkarteek gogorarazi dute suizidioa dela Espainiako Estatuan heriotza gehien eragiten duen kanpo arrazoia, eta horregatik, azpimarratu dute "arazo soziala eta osasun publikoarena" dela, eta "premiaz eta osotasunean" jorratu beharra dagoela.

Klase politikoari eskaera zuzena egin diote: "Osotasunean, modu bateratuan eta koordinatuta lan egin dezatela Estatu osoan, erkidegoetako, udaletako eta erakunde publiko eta pribatuetako estrategien oinarria ezartzeko, gizarteari hainbesteko sufrimendua eragiten dion arazoari aurre egiteko".

Eskatzen duten egitasmoaren helburu zehatzak hauek izango lirateke:

- Herritar guztiak sentsibilizatzea, suizidiorako arrisku handiena duten pertsonak barne, eta baita merkataritza eta marka handiak ere.

- Hedabideei aholkularitza eskaintzea.

- Neurriak hartzea sare sozialei eta hedabide digitalei begira.

- Osasuneko Lehen Arreta indartzea.

- Buruko Osasuneko zerbitzu espezializatuen kalitatea zaintzea.

- Zerbitzu sozialetako lehen mailako arreta eta espezializatua indartzea.

- Komunitate mailako ekintza planak sustatzea.

- Erkidegoetan sektore arte ekintza plan eta estrategiak sortzea.

- Hirugarren sektoreko erakunde sozialak sustatzea eta indartzea.

- Ebidentzian oinarritutako praktikak indartzea eta sustatzea.

- Gradu eta graduondoetako ikasketetan suizidioaren gaia jorratzea.

- Estatistika ikasketak hobetzea.

- Espainiako Jokabide Suizidaren Behatokia sortzea.

Datuak

Hego Euskal Herrian 232 pertsonak egin zuten euren buruaz beste 2022an. Horietako 174 EAEn izan ziren, eta 58 Nafarroan. Sexuari dagokionez, emakumeak halako bi dira euren buruaz beste egiten duten gizonak, eta gehienek 50 urtetik gorakoak.

Hala ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 19 urtetik beherako lau pertsona hil ziren euren buruaz beste eginda, eta 11 izan ziren kausa horrengatik hil zirenak 20 eta 29 urte artekoen artean.

Espainian 4.000tik gora pertsona suizidatu ziren iaz.

Pentsamenduak, ideiak edo jokabide suizida izateko arriskurik baduzu, deitu 024 doako telefonora. Jokabide suizida izateko arriskua duen pertsona baten senide edo hurbilekoa bazara, deitu 024 telefonora. Osasun Ministerioaren telefonoa da. Familia-medikuarengana ere joan zaitezke. Larrialdi egoeran bazaude, deitu zuzenean 112 zenbakira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Ongizatea eta osasuna