Gizartea -

Gipuzkoa

Tigre eltxoa Donostian finkatu da

Klima aldaketak, salgaien garraioaren globalizazioak eta ibilgailuen lehorreko mugikortasun handiak eragin dute eltxoaren presentzia modu esponentzialean handitzea gure artean. Joera hori bera gertatzen ari da Euskadiko gainerako hiri eta herrietan ere.

Tigre eltxo talde bat. Artxiboko argazkia: EITB Media
Tigre eltxo talde bat. Artxiboko argazkia: EITB Media
Tigre eltxo talde bat. Artxiboko argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak ostiral honetan jakinarazi duenez, tigre eltxoa zaintzeko plana jarraitzen ari da, Neikerrekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean.2023 urte honetan, hiriko eremu zabaletan sakabanatuta eta finkatuta daudela egiaztatu dute; bai urbanoetan, baita industrialetan zein landa eremu periferikoetan ere.

Udalak etxebizitzetatik gertu tigre eltxoak daudela ikusi duen kasuetan, Udaleko Osasun Publikoko Zerbitzua bizilagunekin harremanetan jarri da, hartu beharreko neurriak adierazteko, eltxoaren hedapena mugatzeko helburuarekin.

Joera hori bera gertatzen ari da Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako hiri eta herrietan ere. Joan den uztailean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariak bilera egin zuen lurralde osoko arduradunekin, eltxo horren presentziari buruz sentsibilizatzeko. Eltxo horren ziztadak eltxo arrunt batenak baino handiagoak dira, eta gaixotasun biriko larriak kutsa ditzake, hala nola Denge, Zica eta Chikungunya.

Bektoreek transmititutako gaixotasunak prebenitzeko, zaintzeko eta kontrolatzeko Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioaren Plan Nazionalaren arabera, Donostia 2a arriskumailan egongo litzateke tigre eltxoarekin (Aedes albopictus), baina ez da kasu autoktonorik antzeman, eta maila horretan ez dago fumigazio kanpaina masiborik aurreikusita.

Klima aldaketak, salgaien garraioaren globalizazioak eta ibilgailuen lehorreko mugikortasun handiak eragin dute eltxo horren presentzia modu esponentzialean handitzea gure artean.

2014an hauteman zuten lehen aldiz Euskadin, Irunen, hain zuzen ere. Pixkanaka, hainbat udalerritara zabaldu zen; Donostiara, esate baterako, 2018an. Zehazki, Berio inguruko autokarabana kanpinean izan zen.

Ugaltzeko, tigre eltxoak ur edukiontzi naturalak nahiago ditu, hala nola zuhaitz enborren zuloak, edo artifizialak, hala nola loreontzietako platerak, pneumatikoak, ontziak edo latak. Hantxe erruten ditu arrautzak, eta hantxe hasten du uretako bizitzaren lehen zikloa.

Eguneko ohiturak dituen eltxoa da, eta ez du zalantzarik pertsonak bilatzeko, jarraitzeko eta ziztatzeko, baita arropa finen bidez ere, galtzerdiak kasu. Eltxoaren emeak 30-48 ziztada egin ditzake orduko.

Larba zikoaren iraupena uraren tenperaturak, elikagai eskuragarritasunak eta biztanleria dentsitateak baldintzatzen dute, horren garapena 6 egunekoa izan daiteke 30° C-ra, 9 egunekoa 25° C-ra eta 13 egunekoa 20° C-ra. Hau da, egungo ingurumen baldintzekin, arrautza bat 6-10 egunean behin eltxo berri bat sortzeko gai da, eta emeek 150 eta 250 arrautza bitartean uzten dituzte errunaldi bakoitzeko.

Arrisku maila horretan, gakoa prebentzioa da; eltxoaren emeek errunaldia egiteko baldintzak izan ditzaten eragoztea, alegia. Horretarako, funtsezkoa daUdalak zabaldutako gomendio hauei jarraitzea, eltxoa barreiatu ez dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak Herriak eta Hiriak Albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Animaliak azken ordukoa