Gizartea -

EGURALDIA

Abisu horia tenperatura altuengatik eta ekaitz arriskuagatik larunbat honetarako

Gauerdira arte egongo da indarrean, eta tenperaturak 31-33 gradura iritsiko dira. Gainera, ekaitza bota dezake eta metro koadroko 15 litro eror daitezke 20:00etatik aurrera, Araban bereziki.

Ekaitz arriskua iluntzean. Argazkia: Felix Amillano
Ekaitz arriskua iluntzean. Argazkia: Felix Amillano
Ekaitz arriskua iluntzean. Argazkia: Felix Amillano

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak larunbatera arte luzatu du abisu horia tenperatura altu iraunkorragatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Horrekin batera, beste bi abisu hori jarri dituzte gaurko, bat ekaitz arriskuagatik, eta galarrenagatik kostan.

Gaur bero egingo du eta giroa nahiko ezegonkorra izango da, batez ere gauean. Tenperatura maximoak 30 ºC-ren bueltan edo hortik gora geldituko dira hego-ekialdeko haizearekin. Itsasertzean, berriz, eguerdi partean brisa altxa liteke eta gauean mendebaldera egin dezake, bolada gogor batzuekin. Egunaren ordu gehienetan giro eguzkitsua nagusituko da, erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuekin. Alabaina, ezegonkortasuna dela eta, momentu batzuetan bero-hodeiak agertuko dira eta baliteke leku batzuetan ekaitzak jotzea, bereziki gauean, eta orduan mardul bota dezake.

Iluntzean, 20:00etatik aurrera, abisu horia jarriko da indarrean barnealdean ekaitz arriskuagatik, eta galarrenagatik kostan. 15 litro bota ditzake metro koadroko, bereziki Araban. Gainera, haize bolada gogorrak (60-80 km/h abiadurakoak) ere izan daitezke euriarekin batera.

21:00etatik gauerdira arte, kostan haize aldaketa egongo da, 60 km/h abiadura ingurua harrapatuko du, eta galarrena iritsi daiteke, ekaitz gogorrekin.

Igandean ildo beretik jarraituko du eguraldiak. Tenperaturari dagokionez, uda beteko balioekin jarraituko dugu, baina Kantauri isurialdean zertxobait jaitsiko dira, batez ere kostaldean eta bertan 30 ºC-ren azpitik geldituko dira maximoak. Zeruan erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak urdinguneekin tartekatuko dira egunaren zati handi batean, baina ezegonkortasuna dela eta edonon eta edonoiz trumoi-zaparradaren bat bota dezake, batez ere goizaldean eta arratsaldetik aurrera; baliteke zenbait lekutan zaparradak handiak izatea.

Astelehenean ezegonkortasuna areagotu egingo da. Egunean zehar zaparrada trumoitsuak bota ditzake han eta hemen, eta zenbait lekutan zaparradak handiak izan daitezke. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da, Ebro ibarrean hego-ekialdekoa nagusituz; Kantauri isurialdean, berriz, ipar ukitukoa ibiliko da. Tenperatura minimoak zertxobait jaitsiko diren bitartean, maximoak, modu orokorragoan eta nabarmenagoan jaitsiko dira.

Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, berriz, ez dute inolako abisurik jarri.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali zure argazkiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Uda Bero-boladak