Gizartea -

Eguraldia

Euri eta txingor zaparradek kalte handiak eragin dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan

Igorre izan da herri kaltetuenetako bat. Emakume bat zauritu da han, txingorraren ondorioz. Errepideetan arazoak izan dira nonahi, ur-putzuengatik, eta aire-trafikoan ere eragina izan du denboraleak.

Euria gaur, Sestaon. Gonzalo Elorza Urretak grabatutako bideo batetik ateratako irudia
Euria gaur, Sestaon. Gonzalo Elorza Urretak grabatutako bideo batetik ateratako irudia
Txingorrak emakume bat zauritu du Igorren, eta hainbat ibilgailu eta eraikin kaltetu dira

0:41

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iragarrita zegoen, eta bete da. Goiz sargoriaren ondoren, ekaitzak sartu dira Bizkaiko mendebaldetik, indartsu sartu ere, gaur arratsaldeko lehen orduan, eta euri-zaparrada mardulak bota ditu. Txingorra ere bai, toki askotan, 17:00ak inguruan. Ur-putzuak nonahi sortu dira, eta trafikoan hainbat arazo izan dira.

Igorre izan da denboraleak gogorren kolpatu duen udalerrietako bat. Txingor-zaparradaren ondorioz, emakume bat zauritu da herri horretan, eta bertako osasun-zentroan artatu behar izan dute. Autoak ere kaltetu dira zerutik eroritako izotzaren eraginez, eta hainbat enpresatako kristalak hautsi ditu kazkabarrak.

Igorreko futbol zelaia, golf piloten tamainako txingor alez estalita
Igorreko futbol zelaia, golf piloten tamainako txingor alez estalita
Igorreko futbol zelaia, golf piloten tamainako txingor alez estalita

0:53

Euriak bereziki indartsuak izan dira Igorren, baita Diman, Aretan (Orozko), Zornotzan, Durangon, Ermuan eta Mallabian ere. Azken horretan pilatu da ur gehien, 45 litro metro karratuko ordubetean. 

Bestalde, Diman txingorrak kalteak eragin ditu hainbat etxetan, leihoetako beirak apurtuz. Hiru-lau zentimetro inguruko harriak erori dira, eta, ondoren, euri-erauntsia. Ermuan eta Ondarroan, berriz, urak hainbat kale hartu ditu.

Euri-zaparradak irudi ikusgarri hau utzi du Ondarroan
Euri-zaparradak irudi ikusgarri hau utzi du Ondarroan
Euri-zaparradak irudi ikusgarri hau utzi du Ondarroan

0:09

Iurretan ere, txingor-zaparradak ikusgarriak izan dira. Gogotik bota du harria, eta kalteak eragin ditu hainbat lekutan.

Txingor-zaparrada ikusgarria, Iurretan
Txingor-zaparrada ikusgarria, Iurretan
Txingor-zaparrada ikusgarria, Iurretan

0:28

Bizkaian, egoera poliki-poliki baretzen joan da, eta arratsaldeak aurrera egin ahala, Gipuzkoara iritsi dira ekaitzak, euri-zaparrada bortitzekin. Bertan ere, zenbait herritan, kalte handiak eragin ditu urak, Eibarren, Elgoibarren eta Mutrikun, besteak beste. Uholdeak izan dira kale eta eraikin ugaritan.

Aireko trafikoan ere izan du eragina denboraleak, eta Lanzarotetik Bilbora zihoan hegaldi bat Santanderko aireportura bideratu behar izan dute. Gutxienez zazpi hegaldik atzerapenak izan dituzte.

Euskal Herria osoan alerta laranja egon da ezarrita gaur, Nafarroako Erriberan salbu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ekaitzak