Gizartea -
RUBIALES AUZIA
Espainiako futbol selekzioko 3 jokalari deklaratzera deitu dituzte, Rubialesek Hermosori emandako musuagatik
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiak Jenni Hermoso futbolariari baimenik gabe eman zion musua dela-eta, jokalariaren hurbilekoek eta bi perituk Auzitegi Nazionalean deklaratuko dute irailaren 25ean. Jenni Hermosoren taldekideek, ostera, urriaren 2an egingo dute.
AGENTZIAK | EITB Media
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiak Jenni Hermoso Espainiako futbol selekzioko jokalariari baimenik gabe emandako musuaren harira, Francisco de Jorge Auzitegi Nazionaleko epaileak selekzioko hiru jokalari, biktimaren gertukoak eta bi peritu deklaratzera deitu ditu.
Iturri juridikoen arabera, irailaren 25ean Jenni Hermosoren gertuko pertsona batzuek eta Rubialesek proposatutako bi perituk deklaratuko dute Auzitegi Nazionalaren aurrean. Horietako batzuek bideokonferentzia bidez deklaratuko dute. Urriaren 2an, Jenni Hermosoren hiru taldekideri hartuko die deklarazioa epaileak.
Ez dira Rubiales auzian deituak izan diren bakarrak; izan ere, Espainiako Futbol Federazioko lau kargudun (Ruben Rivera, Miguel Garcia Caba, Patricia Perez eta Albert Luque) irailaren 28rako deitu dituzte.
Auzitegi Nazionalak zabaldutako informazioaren arabera, Australiako enbaxadak herrialde hartako Zigor Kodeak jasotzen dituen eta Gales Berrian aplikagarriak diren delituak bidali dizkio.