Gizartea -
Drogak
Autobus bateko bidaiari bat atxilotu dute Irunen, maletetan 19 kilo marihuana eramatea egotzita
Madrildik Parisera zihoan autobusa miatu dutenean, Poliziako txakurrek bi maletatan jarri dute arreta ekipajearen artean. Orduan, ireki dituztenean, poliziek egiaztatu dute haietan marihuanaz betetako 38 poltsa zeudela.
EITB Media
Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du Irunen (Gipuzkoa), osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta, bi maletetan 19 kilogramo marihuana eramateagatik.
Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, atxiloketa Irungo komisaldegiko poliziek egindako kontrol batean izan da.
Madrildik zetorren eta Parisera zihoan autobus bat miatzerakoan, dispositiboan laguntzeko Bilbotik joandako txakurrek, ziurrenik droga zuten bi maletatan jarri dute arreta ekipaje artean. Orduan, ireki dituztenean, poliziek egiaztatu dute bertan 38 poltsa zeudela plastifikatuta, marihuana zirudienarekin beteak.
Beharrezko ikerketak egin ondoren, maleten jabea autobuseko bidaiarietako bat zela jakin dute, eta, beraz, nahiz eta poltsekin inolako harremanik ez zuela argudiatu, atxilotu eta, drogarekin batera, epailearen esku utzi dute.