Gizartea -

Rubiales auzia

Jenni Hermoso, Fiskaltzaren aurrean: "Ez dut merezi hau bizi izana, ez naiz errespetatua sentitu"

Jorge Vilda emakumezkoen futboleko hautatzaile ohiak eta Ruben Rivera RFEFko marketin zuzendariak epailearen aurrean deklaratu dute gaur. Biek ukatu egin dute futbolariari Luis Rubialesek emandako musua onartu zuela esateko presioa egin izana. Epaileak urriaren 16an galdekatuko du Albert Luque.

Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jenni Hermoso Espainiako jokalari internazionalak Fiskaltzaren aurrean egindako deklarazioan adierazi zuenez, Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiarengandik jaso zuen musua, emakumezkoen Munduko Txapelketako finalaren ondoren, ez zen baimendua izan, ez zen errespetatua sentitu "ez jokalari ez pertsona gisa", eta ez du merezi horrelako zerbait bizi izana, berarentzat "oso zaila baita" etxetik atera ahal izatea.

Espainiako jokalariak Auzitegi Nazionalean emandako testigantza astelehenean aurreratu zuen Telecincoko Codigo 10 saioak. Egun hartan, Hermosok esan zuen ez zuela erreakzionatzeko astirik izan, ez baitzuen espero Rubialesena bezalako jarrerarik. "Segundoak izan ziren eta ez nintzen inoiz eroso sentitu".

"Nire irudia zikindu zuten, Federazioko jokalari eta langile gisa sentitu nintzen inork babesten ez ninduela, haiek laguntzeko eskatzen zidaten, baina inoiz ez nuen sentitu ni babesten ari zirenik. Ez dut merezi hau guztia bizi izana, niretzat oso zaila da etxetik ezin irtetea. Madrildik alde egin behar izan nuen min eman nahi zidan jendearen presiorik ez jasateko", erantzun zuen Pachuca talde mexikarreko jokalariak, Marta Durantez Auzitegi Nazionaleko fiskalordeak galdekatu zuenean.

Foto: EFE

Jorge Vilda emakumezkoen futboleko hautatzaile ohiak eta Ruben Rivera Espainiako Futbol Federazioko marketin zuzendariak epailearen aurrean deklaratu dute gaur auzian. Biek epailearen aurrean ukatu egin dute futbolariari Luis Rubialesek emandako musua onartu zuela esateko presioa egin izana.

Francisco de Jorge, Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 1. Epaitegi Zentraleko titularra, RFEFko presidente ohia ikertzen ari da sexu-erasoagatik eta hertsatzeagatik, eta Vildak eta Riverak ustezko presio horietan duten erantzukizun maila argitzen saiatzen ari da, Albert Luque gizonezkoen selekzioko zuzendariarekin batera.

Iturri juridikoek baieztatu dutenez, Vildak ukatu egin du jokalariaren nebari agindurik edo presiorik egin izana, baina onartu du berarekin hitz egitera hurbildu zela Munduko Txapelketako itzulerako hegazkinean. Iturri berberek diotenez, Vildak magistratuaren aurrean zehaztu du Hermosoren nebarengana hurbildu bazen, jokalariari maitasun handia diolako izan zela.

Bestalde, Riverak azaldu du bere lana RFEFren informazioa jokalariei eurei helaraztea zela. Gainera, ukatu egin du Rubialesekin hitz egin izana edo hark inolako agindurik edo jarraibiderik eman izana.

Vildaren eta Riveraren bertsioak entzun ondoren, epaileak urriaren 16an galdekatuko du Luque, ikertutako azkena izango dena deklaratzen, eta azaroan hainbat lekuko agertuko dira, tartean Luis de la Fuente gizonezko hautatzaile absolutua eta Pablo Garcia-Cuervo RFEFko Komunikazio zuzendari ohia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak Espainia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Emakumeen kirola Matxismoa Feminismoa