Gizartea -

Galizia

Lau pertsona hil dira eta bederatzi zauritu, horietako bat oso larri, Vigoko erdigunean izandako sute batean

Hildakoak emakume bat eta hiru adingabe dira, eta bizilagun batzuek ama bat eta haren hiru seme-alaba direla adierazi dute. Bederatzi zaurituetatik sei ZIUn daude, horietako bat oso larri.

Sutea Vigon. Argazkia: EFE
Sutea Vigon. Argazkia: EFE
Lau hildako eta zortzi zauritu, Vigoko eraikin batean izandako sutean

0:43

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau pertsona hil dira eta bederatzi zauritu, eta beste hainbat ospitaleetara eraman dituzte Vigoko eraikin batean izandako sute baten ondorioz, Alfonso X el Sabio kalean. Sua itzalita dago dagoneko.

Poliziatik baieztatu dutenez, hildakoak emakume bat eta hiru adingabe dira, eta bizilagun batzuek ama bat eta haren hiru seme-alaba direla adierazi dute.

Zauritu batzuk Povisa eta Alvaro Cunqueiro ospitaleetara eraman dituzte, eta beste batzuk psikologoek artatu dituzte bertan.

Bederatzi zaurituetatik sei ZIUn daude, horietako bat oso larri, Osasun Kontseilaritzako iturrien arabera.

Povisa ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean zortzi urteko neskato bat dago, larri, eta Alvaro Cunqueiro ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean bost paziente daude, horietako bat oso larri.

Gainera, arin zauritutako adingabe bat, 52 urteko gizon bat eta 43 urteko suhiltzaile bat Alvaro Cunqueiron daude, eta Povisa klinikan beste bi pertsonari alta eman diete.

Gertakarien lekuan, beste zazpi pertsona artatu dituzte, eta horietako batek alta eskatu du.

Argazkia: EFE

Patricia Rodriguez Galiziako Segurtasun kontseilariak hedabideei egindako adierazpenetan gertatutakoa deitoratu du. Azaldu duenez, larrialdi zerbitzuek 04:00ak aldera jaso dute eraikineko sarreran izandako sute baten berri, 30 pertsona inguru barruan zeudela.

Abisua eman eta bost minutura suhiltzaileak sua itzaltzeko lanean ari zirela adierazi du, eta "modu eraginkorrean eta azkar" kontrolatu ahal izan dutela.

Sua nahita piztutakoa izan ote daitekeen galdetuta, ikertzaileei lan egiten uztea eskatu du Rodriguezek. "Egia da egoera horietan oso urduri jartzen garela, errudunak bilatzen ditugula eta normala da senideak, lagunak eta hurbileneko jendea urduri egotea eta horrelako ondorioak ateratzea, baina onena profesionalei lan egiten uztea da", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Galizia