Gizartea -

Bizitegi bazterkeria

EAEn etxerik ez duten pertsonen herenek lau urte baino gehiago daramatzate egoera horretan

2022an EAEko 23 udalerritan egindako kontaketaren arabera, etxerik gabeko pertsonen kopuruak hazten jarraitzen du pandemiaz geroztik. Horren aurrean, arazoa konpontzen saiatzeko egitasmo berria lantzen hasi da Jaurlaritza, eta 19 ekintza aurreikusi ditu.

EAEn etxerik ez duten pertsonen herenak lau urte baino gehiago daramatzate egoera horretan.
EAEn etxerik ez duten pertsonen herenak lau urte baino gehiago daramatzate egoera horretan.
EAEn etxerik ez duten pertsonen herenak lau urte baino gehiago daramatzate egoera horretan.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn etxerik gabe dauden pertsonen herenek lau urte baino gehiago daramatzate egoera horretan, eta ia erdiek osasun arazo larria edo kronikoa dute. Eusko Jaurlaritzak iazko urrian EAEko 23 udalerritan egin zuen bizitegi bazterkeriaren VI. kontaketaren datuak dira horiek.

Azterlana bi urtean behin egiten da, eta Jaurlaritzak hiru hiriburuetako udalekin antolatu dituen gai horri buruzko VI. Jardunaldietan aurkeztu dute. Kolektibo horren datuak eta alderdi garrantzitsuak azaltzeaz gain, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Eusko Jaurlaritzaren estrategia berriaren ildo nagusien berri eman du, arazo horri heltzeko. Zirriborroak 19 ekintza biltzen ditu, eta orain hirugarren sektore sozialeko eragileekin eta gainerako EAEko erakunde publikoekin landuko da.

Bildutako azken datuei dagokienez (2022ko urria), 658 pertsona kalean bizi ziren, gehienak hiriburuetan. Datu horrek % 35eko igoera adierazten du 2018koaren aldean (430 izan ziren), eta pandemiaren ondoren atzemandako goranzko joerari eusten dio. Zehazki, kalean lo egiten dutenen kopuruak Donostian egin du gora gehien, eta, ondoren, Bilbon. Aldi berean, ostatuetan dauden pertsonen kopuruak gora egin zuen: 1.253 pertsona hartzetik, 1.991ra.

Nabarmendu beharreko beste datu bat bizitegi bazterkeriaren egoeraren kronifikazioa da: pertsona horien herenek lau urte daramatzate etxerik gabe. 2016ko ikerketak agerian utzi zuen joera hori. Era berean, % 20 babesgabetasun-egoeran dauden adingabeen harrera-zentro batean egon ziren.

Talde horretako profil ohikoenari dagokionez, atzerritar jatorriko gizonezkoa da (hamarretik bat bakarrik dira emakumeak). Izan ere, atzerritarren kopurua etengabe hazi da 2016tik (% 63koa zen duela sei urte, eta % 78koa izan zen 2022an).

Talde horren barruan, % 45ek osasun arazo larria edo kronikoa dute, eta % 20k ez dute tratamendu medikorik jasotzen. Gainera, hamarretik ia bik gaixotasun mentalak dituzte.

Errealitate horren aurrean, Eusko Jaurlaritza egoitza bazterkeria larriaren aurkako estrategia berrian ari da lanean, eta pertsona horiek etxebizitza eskuratzean jarriko du arreta. "Etxerik gabeko pertsonek etxebizitzarako duten eskubidea indartzen du estrategiak, etxegabetzeak saihesteko neurriak indartuz eta etxebizitza galdu duten pertsonei eta familiei beren beharretara egokitutako alternatiba bat eskainiz", azaldu du sailburuak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak