Gizartea -

indarkeria matxista

Bi pertsona atxilotu dituzte Gasteizen, emakumeak prostituitzera behartzea leporatuta

Espainiako Poliziaren arabera, emakumeak, ia denak atzerritarrak eta egoera irregularrean, irabazitako diruaren zati handi bat ematera derrigortzen zituzten, eta egunean 13 orduz lan egitera behartu.

Agenteak, operazioan. Argazkia: Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritza
Agenteak, operazioan.
Agenteak, operazioan. Argazkia: Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritza

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak bi pertsona, 68 urteko gizonezko bat eta 47 urteko emakumezko bat, atxilotu ditu prostituzio eta sexu esplotazio delituak egin dituztelakoan. Poliziaren arabera, zaurgarritasun egoeran zeuden biktimez baliatzen ziren horiek prostituitzera behartuta eta egoera horretan eutsiarazita. 

Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak ohar batean azaldu duenez, Atzerritarren eta Mugen Arabako Probintzia Brigadak abiatu zuen ikerketa. Talde horrek egiaztatu ahal izan duenez, biek ala biek zerbitzu sexualak eskaintzeko webgune bat kudeatzen zuten, eta emakumeei Gasteizko etxebizitza bat alokatzen zieten bertan lan egin zezaten. 

Biktima ia guztiak atzerritarrak ziren, pobreak eta egoera irregularrean zeudenak. Bizirauteko eta euren familiei dirua bidali ahal izateko, euren borondatearen kontra prostituitu behar ziren. 

Bi atxilotutakoek 13 orduko lanaldiak (11:00etatik 00:00etara) ezartzen zizkieten, atsedenik eman gabe. Biktimei telefono bana ematen zieten sexu zerbitzuak bertatik kudeatzeko, baina eguna amaitu orduko, sakelakoa itzuli behar zieten, esplotatzaileek deiak eta mezuak kontrolatzeko aukera izan zezaten. 

Gainera, emakumeek irabazitako diru guztia eman behar zieten, eta zati bat bakarrik jasotzen zuten. Halaber, behin lanaldia amaituta, etxebizitza utzi behar zuten biktimek, hurrengo egunera arte. 

Espainiako Poliziak hirugarren pertsona bat, 55 urteko gizonezko bat, ere atxilotu du emakume proxenetarekin diruaren truke (3.000 euro) ezkontzeagatik. Nonbait, emakumezkoaren egoera erregulatzeko trikimailua izan zen. 

Atxilotu eta epailearen aurrera eraman ostean, hirurak kargupean aske daude, epaiketa noiz egingo zain. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa