Gizartea -
Iktusaren Munduko Eguna
Iktus Kodea: Sintoma bakar bat esku hartzeko nahikoa motibo da
Ahultasuna gorputz-adarren batean, hitzik artikulatu ezina, bat-bateko itsutasuna edo buruko min handia; horiek dira Euskadin urtero iktusa izaten duten 5.000 pertsonek sentitu ahal izan dituzten sintomak. Kasuen % 80 saihets daitezke. Sintomak ezagutzea eta azkar esku hartzea funtsezkoa da.
EITB Media
Aurpegiaren alde bat geldirik duzula sentitzen duzu, ahoa okertu zaizu, ez duzu indarrik beso edo hankaren batean, edo gorputzaren alde bat geldiarazi zaizu? Hitzak edo esaldiak totelka ateratzen zaizkizu edo ezin dituzu esan, bat-batean itsutu zara edo uste duzu buruko min handi hori zure bizitzako txarrena dela? Sintoma horietako bat edo gehiago badituzu edo gertuko norbaitek baditu, garun isuri kasu baten aurrean egon zaitezke; iktusa, alegia.
Hain zuzen ere, gaur, urriak 29, Iktusaren Munduko Eguna da, eta kontzientzia piztea da egun honen helburu nagusia. Izan ere, estatistiken arabera, biztanleriaren laurden batek iktus bat izango du bere bizitzako uneren batean.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.000 kasu gertatzen dira urtero. Garun isuria izaten duten pertsonen % 55 sendatu egiten dira edo afekzio txikiekin bizi dira; bizirik irteten direnen % 30ek desgaitasunen bat dute, eta % 15 hil egiten dira.
100.000 biztanleko heriotza-tasa 43,2koa da, eta iktusa da Euskadiko emakumeen heriotza-kausa nagusia, desgaitasun-kausa nagusia eta dementzia-kausen artean bigarrena.
Onena, aurrea hartzea
Iktus kasuen % 80 baino gehiago saihestu daitezke, bizimodu osasungarria izan, ariketa fisikoa egin eta arrisku baskularreko faktoreak kontrolatuz gero.
Iktus bat edukitzeko arrisku-faktore garrantzitsuena hipertentsioa da, eta horren atzetik datoz diabetesa, hiperkolesterolemia eta fibrilazio aurikularra.
Baina beste faktore batzuek ere, hala nola tabakismoak, sedentarismoak, dieta ez-osasungarriak, muturreko obesitateak, alkoholismoak, drogen kontsumoak edo estresak, eragina izan dezakete, eta faktore horiek alda edo kontrola daitezke.
Kalkuluen arabera, bizi-ohitura osasungarriei lotutako neurriak hartzen ez badira, hurrengo 10 urteetan, Europan, % 45 handituko dira iktusak eragindako heriotzak, eta % 25, berriz, iktusetatik bizirik atera eta desgaitasunen batekin gelditu direnak.
Gaitz honek gizartean duen eragina horren handia izanik, funtsezkoa da herritarrak kontzientziatzea, iktusaren seinaleak identifikatzen jakin dezaten, baita sotilenak ere, zeinuak ez baitira beti modu nabarmenean agertzen. Izan ere, sintomak goiz detektatzea eta azkar esku hartzea funtsezko faktoreak dira hilkortasuna eta kalte zerebrala murrizteko.
Osakidetzak gogorarazi du bat-batean sintomaren bat agertuz gero berehala deitu behar dela larrialdi zerbitzuetara, eta gogoratu du sintoma bakar bat nahikoa motibo dela deitzeko.