Gizartea -

Alerta meteorologikoa

Alerta laranja ezarriko dute asteazken gauean Euskadin, 120 km/h-tik gorako haize boladengatik

Asteartetik asteazkenera doan gauean hasiko dira ufadak. Hain zuzen ere, gauerdi horretan (asteazkeneko 06:00ak arte) abisu horia ezarriko dute hego-mendebaldetik gogor joko duelako haizeak, bereziki, Bizkaian eta Araban.

Haizea Donostian. Argazkia: EFE
Haizea Donostian
Haizea Donostian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun Sailak alerta laranja ezarriko du asteazken gauean Euskadin, 120 km/h-tik gorako haize boladak espero direlako, batez ere, mendebaldeko mendi inguruetan. Babestuago dauden lekuetan, 100 km/h inguruko ufadak neurtuko dira, iragarpenaren arabera.

Asteartetik asteazkenera doan gauean hasiko dira ufadak. Hain zuzen ere, gauerdi horretan (asteazkeneko 06:00ak arte) abisu horia ezarriko dute haizeak gogor joko duelako hego-mendebaldetik, bereziki, Bizkaian eta Araban. Gipuzkoan, berriz, 80-100 km/h-ko haizealdiak egongo dira.

Gainera, Bizkaian eta Araban, haizeak hain zakar jotzen ez duen tokietan, 70-80 km/h-ko abiadura hartuko du haizeak, eta Gipuzkoan 50-70 km/h-koa, toki babestuago horietan.

Ordu batzuetako atsedenaldiaren ostean, asteazkenean, 18:00etan, bigarren abisu hori bat ezarriko dute 100 km/h-rainoko boladengatik, eta, egoera "gaiztotuko" denez, alerta laranjara aldatuko dute abisua, 21:00ak jota eta goizaldera arte.

Tarte horretan izango du haizeak indarrik handiena: 120 km/h-tik gorako haize kolpeak izango dira mendebaldeko mendi inguruetan, eta 120 km/h-ra artekoak gainerako lekuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak