Gizartea -
Lapurretak
Bost lagun atxilotu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako zenbait etxebizitzatan lapurtu dutelakoan
Orain arte, indarrez egindako 42 lapurreta egotzi dizkiete atxilotuei, eta Poliziak bost etxe miatu ditu Bizkaian eta Kantabrian.
EITB MEDIA
Ertzaintzak eta Guardia Zibilak bost pertsona atxilotu dituzte gaur arte, indarrez egindako 42 lapurreta egotzita, "Habitat-Mena2" operazioaren baitan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Gainera, Bilbon eta Kantabrian bost etxe miatu dituztela ere adierazi du Poliziak.
"Ondoeza" eragin diete lapurretek biktimei, eta "segurtasun gabezia" nabaritu dute etxean, ebasleek zeinen azkar lapurtu zuten ikusita, iturri horiek zehaztu dutenaren arabera.
Agenteen lanak ez ezik, herritarren lekukotasunek ere lagundu dute ikerketan, gertakariak "argitu eta zehaztu" baitituzte.
Ikerketa zabalik dago oraindik —ez dute atxiloketa gehiago egotea baztertu—. Araban, Bizkaian eta Nafarroan ez ezik, Burgosen, Kantabrian, Errioxan, Leonen, Madrilen, Palentzian, Sorian, Valladoliden eta Zaragozan ere egin dituzte lapurretak ustez atxilotuek.