Gizartea -

IKERKETA

EAE da ikerketarako Europako funts gehien lortu dituen erkidegoa biztanleko

Horizon Europe programatik 240 milioi euro eskuratu ditu 2021 eta 2022 urteen artean. Halaber, azken 20 urteotan 1.648 milioi euro bereganatu ditu ikerketarako.

Zientzia Euskadin 2023 Txostenaren aurkezpena. Argazkia: EITB Media
Zientzia Euskadin 2023 Txostenaren aurkezpena
Zientzia Euskadin 2023 Txostenaren aurkezpena. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadi da ikerketarako Europako funts gehien lortu dituen autonomia erkidegoa biztanleko. Zehazki, Horizon Europe programatik 240 milioi euro eskuratu ditu 2021 eta 2022 urteen artean, eta, guztira, ikerketarako 1.648 milioi euro azken 20 urteotan.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Zientzia Euskadin 2023 Txostenaren emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea eta Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa alboan zituela. Txostenak ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagozkien Euskadiko emaitza nagusiak bildu ditu, Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizatutako adierazleen bitartez.

EAEk ikerketa eta garapeneko I+G jardueretan 1.800 miloi euroko inbertsioa egin du 2022. urtean, aurreko urtean baino % 9,1 gehiago, Eustatek argitaratutako datuen arabera. Euskadik BPGaren % 2,3 bideratzen du ikerketara eta, portzentaje hori aintzat hartuta, I+G jardueretan gehien inbertitzen duen Estatuko autonomia erkidegoa da, Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako azken datuen arabera.

2021. urtean, Euskadiko historian lehenengoz, 22.000 pertsona baino gehiago aritu ziren ikerketa jardueretan. Hortaz, Euskadiko biztanleria aktiboaren % 2 baino gehiago ari da I+G jardueretan lanean, hau da, 100 langileetatik bi. Datu horiek eskuan, lehendabiziko erkidegoa da Espainiako Estatuan.

Bestalde, EAEko ikertzaileen lana 7.818 argitalpen zientifikora iritsi zen 2022an. Datu hori "aurreko urteko ekoizpen apartekoaren antzekoa" eta pandemia aurreko produkzioa baino % 14 handiagoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Gizartea bideoak Gaurko titularrak Albisteak Zientzia albisteak Laguntza publikoak