Gizartea -
Gipuzkoa
Tolosan atzo hustu zuten eraikineko bizilagunak hasi dira euren etxeetara itzultzen
Udal teknikariek eraikinaren egoera aztertu dute, eta lehen azterketa amaituta, "behin behineko neurriak hartu dituzte" eta bizilagunak "segurtasunez" itzuli ahal izan dira euren etxeetara.
EITB Media
Tolosan atzo iluntzean hustu zuten eraikineko bizilagunak hasi dira euren etxeetara itzultzen, bertako Udalak ohar bidez jakinarazi duenez. Atzo gaueko 21:00ak inguruan atera zituzten Azkarate Etxea izenez ezaguna den eraikinetik, "segurtasunagatik, zutabeetako batean narriadura handiak atzeman ondoren".
Udal teknikariek eraikinaren egoera aztertu dute, eta lehen azterketa amaituta, "behin behineko neurriak hartu dituzte" eta bizilagunak "segurtasunez" itzuli ahal izan dira euren etxeetara.
Eraikineko bizilagunei egoeraren "xehetasun guztiak" eman dizkiete arratsaldean egindako bileran, Udalak ziurtatu duenez. "Aurrera begira, egoeraren azterketa sakona egin behar da, eta ondoren, eraikina bera guztiz egonkortzeko behin betiko neurriak hartu beharko dira", gehitu dute oharrean.