Gizartea -
21 urteko gaztea
Gazte batek harriak bota eta aizto bat atera die ertzainei Donostian
21 urteko atxilotuak aurrekari polizialak ditu, eta epaileak hartuko du, agenteek eginbideak bukatzen dituztenean.
Erredakzioa
21 urteko gazte bat atxilotu dute Donostian gaur goizaldean agenteen aurkako atentatu delitu bategatik. Bi agentek zauriak izan dituzte horien aurka harriak bota ostean, eta atxilotzerako orduan aizto batekin mehatxatu ditu, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldu duenez.
Goizaldeko hirurak aldera, Intxaurrondo auzotik zaintza lanetan zeuden Ertzaintzaren agente batzuek abandonatutako baserri batean gorde diren hiru gazte ikusi dituzte.
Identifikazioa eskatzeko asmoz, agenteak gazteengana zuzendu dira, eta bertatik joaten ari zirela horietako bat iraintzen hasi zaie.
Agenteak berriz hurbildu direnean, gaztea horien aurka harriak jaurtitzen hasi da eta jarraian ihes egin du; bi agente zauritu ditu. Handik denbora gutxira, baserriaren inguruan atzeman dute berriz ere, eta aizto bat atera du, zirikatzeko, agenteei hurbil zitezela esaten zien bitartean.
Aurrekari polizialak
Susmagarriak uko egin dio arma itzultzeari, eta hori dela eta agenteek bastoi poliziala erabili behar izan dute desarmatzeko. Atxiloketa bitartean, gazteak indarkeriazko erresistentzia erakutsi omen die agenteei, ostikoak, burukadak eta ukabilkadak emanez.
21 urteko atxilotuak aurrekari polizialak ditu, eta agenteek eginbideak bukatzen dituztenean epailearen aurretik pasako da.