Gizartea -

Adikzioen plan berria

Tabakorik eta alkoholik gabeko gune gehiago ezarriko dituzte Euskadin, drogen kontsumoaren hasiera atzeratzeko

Alkohola eta tabakoa dira, oraindik ere, Euskadin gehien kontsumitzen diren substantzia legalak, nahiz eta horien kontsumoak beheranzko joera hartu duen. Droga ilegalen artean, nabarmena da heroinaren gorakada.

Gizon at zigarro bat erretzen
Gizon at zigarro bat erretzen
Gizon at zigarro bat erretzen

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren adikzioen plan berriak gune osasungarri gehiago sortzea bilatuko du, alegia, tabakorik eta alkoholik gabeko toki gehiago egotea, eta horrekin drogen kontsumoaren hasiera gibeleratzea.

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik azaldu duenez, 2023-2027rako diseinatutako planak 58 berritasun dakartza.

Alkohola eta tabakoa, gehien kontsumitzen diren droga legalak

Sailburuak azaldu du tabakoa eta alkohola —biak legalak— direla gehien kontsumitzen diren drogak, nahiz eta horien kontsumoak behera egin duen.

Alkoholaren kontsumoa jaitsi egin da, batez ere, gutxitu egin delako egunero alkoholdun edariak edaten duten pertsonen kopurua. 2005etik, bestalde, tabako pakete gutxiago saltzen dira, baina zigarro elektronikoak gorantz ari dira.

Gune osasungarriak sortzeko ildo horri jarraikiz, kerik eta alkoholik gabeko espazioak ugarituko dituzte.

Kalamuari dagokionez, gutxiago kontsumitzen da orain, baina arduraz hartu dute plana diseinatzen jardun dutenek kalterik eragiten ez duten drogatzat dutela askok, eta gazteen artean kontsumoa areagotu dela.

Lasaigarrietan eta antidepresiboen kasuan, gora egin du kontsumoak, batik bat, emakumeen artean. Horixe bera gertatu da edari energetikoekin.

Droga ilegalen kontsumoa 90eko hamarkadako mailan dago orokorrean, nahiz eta heroinak gorakada izan duen.

Jokoa ere izan dute aztergai. Euskal gizartearen erdiak loteria erosi eta kinielak jokatzen ditu. Internet bidezko jokoan ere, geroz eta diru eta denbora gehiago xahutzen da.

Azkenik, bideo-jokoen, interneten eta sare sozialen gehiegizko erabilera nabarmendu dute, biziki ari delako hazten, bereziki nerabeen eta gazteen artean. Ondorioztatu dutenaren arabera, pandemiak eragina izan zuen horretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak