Gizartea -
Trafikoa
AP-8 autobidea ireki dute berriro, Basauri parean trafiko-istripu batengatik itxita egon ostean
Auto bat errepidetik atera da, eta gidaria Galdakaoko Ospitalera eraman behar izan dute. Ertzaintzak trafiko-zirkulazioa eten du puntu horretan, eta horrek auto-pilaketak sortu ditu. Ordubete geroago, berriro ireki dute. Bestalde, ezbeharra izan da N-634 errepidean ere, Usurbilen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
AP-8 autobidea, Basauri parean (Bizkaia), berriro ireki dute trafikorako, trafiko-istripu batengatik ordubetez gutxienez itxita egon ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.
Ezbeharra 09:00etan jazo da, AP-8an, Basauri parean, Donostiarako noranzkoan. Auto bat errepidetik atera da, eta gidaria Galdakaoko Ospitalera eraman behar izan dute. Ertzaintzak trafiko-zirkulazioa eten du puntu horretan, eta horrek auto-pilaketak sortu ditu. Ordubete geroago ireki dute errepidea berriro.
Bestalde, N-634 errepidean, Usurbil parean (Gipuzkoa), hiru autok talka egin dute. Ez da inor zauritu, baina garabiak behar izan dituzte ibilgailuak errepidetik eramateko. Ondorioz, Ertzaintzak trafikoa desbideratu du.
Azken orduetako euriteekin lotuta, Ertzaintzak itxi egin du Erandioko BI-735 errepidea (Bizkaia), Asua parean, ur putzu handiak sortu baitira bertan.