Gizartea -
Ikerketa
BCBL zentro donostiarra boluntario bila dabil, elebitasunak errendimendu kognitiboa hobetzen duen ikertzeko
Soilik gaztelania dakiten 60 eta 80 urte bitarteko elebakarrak, eta gaztelaniaz eta euskaraz berba egiten duten adin tarte bereko elebidunak nahi ditu ikerketa horretarako Basque Center on Cognition, Brain and Languagek.
EITB MEDIA
Euskadin geroz eta pertsona gehiago dira bi hizkuntza hitz egiteko gai, batez ere, gazteen artean. Elebitasunerako joera horrek eta gizartearen zahartzeak bultzatuta, hizkuntza bat baino gehiago ezagutzeak adineko pertsonen osasunean izan dezakeen eragina ikertzeko beharra sortu da.
Ildo horretan, zenbait ikerketaren arabera, elebitasunak ez du hezkuntza maila altua duten pertsonen errendimendu kognitiboan eragiten. Badira, ordea, elebidun edo eleaniztun diren pertsonek arreta maila hobea edo erabakiak hartzeko gaitasun handiagoa dutela ondorioztatzen duten ikerketak ere.
Horren aurrean, burmuina eta mintzaira ikertzen berezitua den Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentro donostiarra 60 eta 80 urte bitarteko pertsonen bila dabil, elebitasunak errendimendu kognitiboa hobetzen duen ikertzeko. Hain zuzen ere, soilik gaztelania dakiten 60 eta 80 urte bitarteko elebakarrak, eta gaztelaniaz eta euskaraz berba egiten duten adin tarte bereko elebidunak nahi ditu.
Ikerketa horretan parte hartzeko, azterketa neuropsikologikoa egin beharko dute lehenik eta behin boluntarioek, kognitiboki osasuntsuak diren ala ez jakiteko, eta horien ezagutza linguistikoa (ikasketa maila, burututako lanbideak...) zein den ezagutzeko.