Gizartea -

Haur pobrezia

Adingabeen artean pobrezia arrisku tasa baxuena duen Estatuko erkidegoa da EAE

Hain zuzen ere, % 16,6an dago pobrezia arrisku tasa Euskal Autonomia Erkidegoan. Espainiar Estatuak jaso du Europar Batasuneko nota txarrena, Unicefen arabera.

Haur bat, parke batean jolasean. Argazkia: Pixabay
Haur bat, parke batean jolasean
Haur bat, parke batean jolasean. Argazkia: Pixabay

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizitza baldintzen inguruan Espainiako Institutu Nazionalak egindako azken inkestaren arabera, Euskadin % 16,6koa da pobrezia arrisku tasa, adingabeen artean; Estatuko baxuena. 2012-2014 eta 2019-2021 urteen artean izan duen garapenak, ostera, erakusten du % 1,2 hazi dela pobrezia Euskadin. Era berean, gabezia material eta sozial larria dute 0-17 urte bitarteko biztanleen % 6,5ek.

Espainiar Estatuko datuak

Munduko herrialde aberatsenetako batzuetan gora egin du nabarmen haur pobreziaren mailak 2014 eta 2021 artean, Unicefen ikerketa bulegoak (Innocenti) gaur argitaratu dituen datuek erakusten dutenez. Espainiar Estatuko tasa bere horretan geratu da (% 28). Horrek esan nahi du pobrezia arrisku handiena duten 39 herrialdeetatik 36. tokian dagoela (Erresuma Batua, Turkia eta Kolonbia soilik ditu atzetik).

2019 eta 2021 bitarteko pobrezia datuak kontuan hartuta ere, 36. tokian kokatu da espainiar Estatua, Errumania atzetik duela. 2021eko datu berriena soilik aintzat hartuta, haurren artean pobrezia tasa handiena duen EBko estatua da espiniarra.

"2023an onartezina da tasa hori, eta ezin gara beste alde batera begira jarri jakinda bizi baldintza duinak ez dituzten haur asko daudela", esan du Gustavo Suarez Pertierra Unicefek Espainian duen presidenteak. "Zifra horien atzean gutxienez bi egunetik behin haragia, oilaskoa edo arraina jan ezin duten haurrak daude, egunero barazkiak eta fruta jateko aukerarik ez dutenak, etxean hotza pasatzen dutenak, arropa, oinetakoak edo liburuak erosteko dirurik ez dutenak eta aisialdiko jardueretan parte hartu ezin dutenak. Horrek guztiak epe labur, ertain eta luzean ondorioak ditu", erantsi du.

Txosten horren arabera, Polonia eta Eslovenia dira umeen pobreziari hobekien aurre egiten ari diren herrialdeak —tasa % 30 jaitsi baitute—. Kontrara, Frantzia eta Erresuma Batua atzean gelditzen ari dira.

Pobrezia arriskuetan dauden desberdintasun handiak ere agerian utzi ditu ikerketak. Hala, etorkinek, ijitoek, ezgaitasunen bat duten umeek edo guraso bakar batekin bizi direnek —bereziki emakumea bada— pobre izateko arrisku handiagoa dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak