Gizartea -
Giza Eskubideek 75 urte
NBEk ohartarazi duenez, "mundua iparra galtzen ari da"
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala sinatu zenetik 75 urte bete direnean, Antonio Guterres idazkari nagusiak adierazpenean jasotako "balio atenporalekin duten konpromisoa indartzeko" eskatu die NBEko estatu kideei.
Agentziak | EITB Media
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ohartarazi du desberdintasuna, autoritarismoa eta gatazka armatua gero eta mehatxu handiagoa direla planetako herritarren eskubide eta askatasunentzat. Hala esan du igande honetan, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 75. urteurrenean, egin duen hitzaldi goibel batean.
"Mundua iparra galtzen ari da", esan du Guterresek. "Gatazkak bortizki hedatzen ari dira. Pobrezia eta gosea areagotzen ari dira. Desberdintasunak gero eta sakonagoak dira, aldaketa klimatikoa krisi humanitario bihurtu da, autoritarismoa gero eta ugariagoa da, espazio zibila gero eta txikiagoa, hedabideak setiatuta daude, genero berdintasuna urruneko ametsa da eta emakumearen ugaltzeko eskubideak atzerantz doaz", deitoratu du.
Krisi horiek guztiak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren kontra doaz, horren oinarri nagusiaren kontrakoak baitira: "Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela". Hain zuzen ere, hori da "gerrekin amaitzeko, zatiketak gainditzeko eta guztiontzako bake eta duintasuneko bizitza sustatzeko ibilbide-orria", Guterresen esanetan.
"Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak bidea erakusten digu tentsioak konpontzeko, balio komunak erabiltzeko eta gure munduak hain beharrezko duen segurtasuna eta egonkortasuna sortzeko", esan du NBEko idazkari nagusiak.
Ildo beretik, Guterresek dei egin die NBEko kide diren herrialdeei adierazpenean islatzen diren "balio atenporalekiko konpromisoa indartzeko", bereziki, 2024ko irailean egingo den Etorkizunaren Goi-bilerara begira, han eztabaidatuko baitituzte mundu osoko agintariek datorren hamarkadarako gidalerro sozial, kultural eta ekonomikoak.
Volker Türk Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi komisarioak ere dokumentuaren garrantzia aldarrikatu du. "Orain inoiz baino gehiago, Giza Eskubideen garaia da", adierazi du. "Ez da dokumentu historiko soil bat, baizik eta partekatzen dugun gizateriaren testigantza bizi bat, denboraz kanpoko gida bat", gaineratu du.
NBEren Giza Eskubideetarako goi komisarioaren iritziz, Bigarren Mundu Gerraren amaieratik ikusi ez diren indarkeriazko gatazka mailak ikusten eta pairatzen ari da mundua: "Desberdintasunak, diskriminazioak eta gorrotoaren diskurtsoak areagotzen ari dira, baita zigorgabetasuna, zatiketak eta polarizazioa ere, larrialdi klimatikoarekin batera".
"Horrek are ageriago uzten du balantzea egiteko, ikasgaiak ikasteko eta giza eskubideetan oinarritutako etorkizun bat elkarrekin eraikitzeko beharra. Adierazpen Unibertsalak promes bat eskaintzen du, denok eskubide- eta duintasun-berdintasunean jaiotzen garela, eta ekintza-plan bat ere eskaintzen digu. Hausnarketa handi baterako unea da, elkarrekin giza eskubideetan oinarritutako irtenbide komunak bilatzeko", esan du Türkek.