Gizartea -
Suteak
132.299 hektarea erre dira aurten, 2011n baino hiru bider gehiago
Guztira, urte honetan 10.766 ezbehar gertatu dira. Horietatik, 6.964 sute txikiak izan dira (hektarea bat baino gutxiago), eta beste 3.802ak hektarea bat baino gehiagokoak.
Erredakzioa
Urte honetan zehar suteek 132.299 baso hektarea erre dituzte dagoeneko, eta horrek iaz erre ziren hektareen hirukoitza suposatzen du, 2011n 39.573,73 hektarea erre baitziren, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurugiro Ministerioak emandako datuen arabera.
Guztira, urte honetan 10.766 ezbehar gertatu dira. 6.964 sute txikiak izan dira (hektarea bat baino gutxiago), eta beste 3.802ak hektarea bat baino gehiagokoak. Horietako hogeita bi 500 hektarea erre dituzten sute handiak izan dira; iaz horrelako bost izan ziren.
2012ko suterik garrantzitsuenak abuztuaren hasieran Gomera uhartean (3.100 hektarea erreta, horien artean Garajonay Parke Naturalean) eta Palman (1.700 hektarea) gertatutakoak, uztailaren 2an Valentziako Cortes eta Andilla herrietan 50.000 hektarea erre zirenekoak, Gironako Alt Empordakoa (13.000), maiatzaren 16an Tarragonako Rasqueran gertatutakoa eta otsailean eta martxoan Zamorako Hermisende herrian eta Montanuyn (Huesca) gertatu ziren suteak izan dira.
Ipar-ekialdea, kaltetuena
Eremu geografikoei dagokienez, sute gehien Penintsulako ipar-ekialdean izan dira: % 49,11. % 33,87 barnealdean zeuden, eta % 16,38 mediterranear aldean.
Azalerari dagokionez, suteen % 52,66a mediterranear eremuan gertatu dira, ipar-ekialdeko eskualdearen (% 28,34), barnealdeko eremuaren (% 13,56) eta Kanariar Uharteen (% 5,45) aurretik.