Gizartea -
Omenaldia Hernanin
Lukas Agirrerentzat justizia eskatu, eta Santi Coca oroitzeko hitzak izan dituzte elkarretaratze batean
"Duela gutxi, bihotzean sentitzen dudan mina handiagoa egin zen Santi Cocaren epaiketaren emaitza jakin ondoren. Ez da bidezkoa horrelako gertakarien ondorioak hauek izatea", salatu du Lukas Agirreren amak.
Agentziak | EITB Media
500 pertsonak baino gehiagok babestu dute Lukas Agirreren familia Hernanin (Gipuzkoa) egindako elkarretaratze batean. Izan ere, urtebete da gaztea Eguberri eguneko goizaldean labankadaz hil zutela, Donostian. Hilketa hori dela-eta, bi pertsona daude kartzelan. Justizia eskatu dute ostiral honetan.
Gudarien plazan bildu dira gaztearen argazki baten aurrean, "Lukas beti gurekin. Justizia nahi dugu" lelopean.
Lukasen senide eta lagunek hartu dute parte omenaldian, eta minutu bateko isilunearen ostean, Zuriñe Izkok semearen galeragatik oraindik sentitzen duen minaz hitz egin du. Santi Cocaren senitartekoak ere izan ditugu gogoan. Coca 2019an hil zen, Donostiako diskoteka baten kanpoaldean jipoia jaso ostean.
Gazte horren heriotzagatiko epaiketa duela aste batzuk egin zen Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, eta, abenduaren 5ean, epaimahaiak lau akusatuetatik hiru ez errudun jo zituen, eta laugarrena zuhurtziagabekeria larriko homizidio-delituaren egiletzat jo zuen.
"Duela gutxi bihotzean sentitzen dudan mina handiagoa egin zen Santi Cocaren epaiketaren emaitza jakin ondoren. Ez da bidezkoa hauek izatea gertakari horren ondorioak. Honen ondoren, kostatu egingo zait justizian konfiantza izatea", esan du Zuriñe Izkok. Familiaren bihotzak Fatimarekin eta Ikerrekin, Santiren amarekin eta anaiarekin, daudela gaineratu du.
Gainera, eskerrak eman dizkie senideei eta Lukasen lagunei, jasotzen ari den "babesagatik eta maitasunagatik", eta horrek "pixkanaka" aurrera egiten laguntzen diolako, nahiz eta "bihotza hautsita" izaten jarraitu.
Lukasen lagun batek ere hitz egin du, eta kantu bat entzun da omenaldi eta oroimen ekitaldi honi amaiera eman aurretik.