Gizartea -
TRAFIKO BALANTZEA
Errepideetan hildakoen kopuruak behera egiten jarraitzen du EAEn, baina ia bikoiztu egin da Gipuzkoan
Heriotza kopuruak nabarmen gora egin du Gipuzkoan (31), aldiz, jaitsi egin da Bizkaian (8) eta Araban (6). Halaber, behera egin du hildako motozaleen (11) eta oinezkoen kopuruak (8).
EITB Media
45 pertsona hil dira trafiko istripuetan Euskal Autonomia Erkidegoan 2023. urtean, 2022an baino bat gehiago eta 2019an baino sei gutxiago. Hala ere, hildako horietatik 31 Gipuzkoan zenbatu dira, 2022ko datuak ia bikoiztuta.
Datuei erreparatuz gero, argi dago azken urteetan jaitsi egin dela heriotza kopurua, alegia, beheranzko joera hartu duela. 2000. urtean 218 pertsona zendu ziren EAEko errepideetan, 2010ean 67, 2019an 51 eta iaz 45. Hala ere, heriotza tasa ezberdina izan da lurraldearen arabera: Gipuzkoan nabarmen igo da, 31 pertsona hil baitira istripuetan, eta jaitsi egin da Bizkaian (8) eta Araban (6).
Generoa aintzat hartuta, hildako pertsonen % 87 (39) gizonak ziren eta % 13 emakumeak (6). Kolektibo zaurgarriei dagokienez, behera egin du hildako motor-gidarien (11) eta oinezkoen kopuruak (8).
EAEko errepideetan iaz hildako 45 pertsona horietatik 24 autoko gidariak edo bidariak ziren, 11 motozaleak, 8 oinezkoak eta 2 txirrindulariak.
2023ko behin-behineko trafiko balantzea aurkeztu du ostegun honetan Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Estibaliz Olabarrik. Joan-etorriek gora egin arren, iaz 7.494 trafiko istripu izan dira, 2022an baino % 2 trafiko istripu gutxiago eta 2021eko ia kopuru bera. Bestalde, 420 zauritu larri izan dira (2022an baino % 10 gutxiago eta 2021ean baino % 8 gutxiago).
Lurraldeak kontuan hartuta, historikoki heriotza gutxiago gertatu ohi dira Arabako errepideetan eta oso antzekoa, berriz, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurten, ordea, heriotzen erdia baino gehiago Gipuzkoan gertatu dira 31 pertsona hil baitira istripuetan. 2022an 18 hil ziren, 2021ean 16 eta 2015era egin behar da atzera antzeko zifra bat aurkitzeko (31 hildako). Aitzitik, hildakoen kopuruak nabarmen egin du behera Bizkaian, 8 pertsona hil baitira, eta 2022an 18 hil ziren eta 2021ean 16. Araban neurri txikiagoan egin du behera, 6 heriotza gertatu baitira, eta 2022an 8 gertatu ziren eta 2021ean 10.
EAEko errepideetan hildako 45 pertsona horietatik % 47 kolektibo zaurgarriren batekoak ziren: 11 motor-gidariak ziren, 8 oinezkoak eta 2 txirrindulariak. Aurreko urteekin alderatuz gero, 2023an kolektibo zaurgarrietako hildakoen ehunekoa % 32 jaitsi da 2022arekin alderatuta, % 2, 2021ekin alderatuta eta % 21, 2019arekin alderatuta.
2023an 11 motozale hil dira, azken urteetako kopururik txikiena (2022an 14 izan ziren eta 2021ean 17). Era berean, jaitsi egin da oinezkoena (8), 2022an 15 hil baitziren (2021ean, berriz, bakarra). Bestalde, 2023an bi txirrindulari hil dira, 2021ean bezala, eta 2022an biktima bakarra izan zen.