Gizartea -

EUSKARAREN AURKAKO EPAIAK

Donostian udaltzain izateko euskara jakitea ez dela beharrezkoa ebatzi du Donostiako Epaitegi batek

Bikotean doazenean "bakarrak jakitea nahikoa" dela dio epaiak eta guztiei euskara jakitea eskatzea "diskiminatzailea" dela lanpostu publiko bat lortzeko. Udalak helegitea jartzeko aukera du orain.

Donostiako hiru udaltzain Kontxako paseoan. Argazkia: EFE
Donostiako hiru udaltzain Kontxako paseoan. Argazkia: EFE
Donostiako hiru udaltzain Kontxako paseoan. Argazkia: EFE

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020tik, gutxienez, 17 epai kaleratu dituzte Hego Euskal Herriko auzitegiek administrazio ezberdinek ezarritako euskara eskakizunak baliogabetuz. Azkena, gaur bertan ezagutu da, abenduaren 22an kaleratu bazen ere. Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 3 zenbakiko Epaitegi batek baliogatzat jo du Donostiako Udalak 2022ko abenduaren 20an Tokiko Gobernu Batzarrean onartu zuen Udaltzaingoaren lan-deialdia, euskararen B2 hizkuntza-eskakizuna izatea eskatzen zuena.

Gaur argitaratu den informazioaren arabera, epaiak dio euskara eskaera hori "diskriminatzailea" dela eta "errekurtsogilearen oinarrizko eskubidea urratu dela Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikulua kontuan hartuta".

Auziaren abiapuntua partikular batek jarritako errekurtsoa da. Pertsona honek Donostiako Udalaren aurkako demanda aurkeztu zuen udaltzain postu batzuk egonkortzeko prozesu bat deitzeko oinarrietan euskarazko hizkuntza-eskakizuna eskatzen zelako bi plaza eskuratzeko baldintza gisa. Berak ez zuen maila hori.

Donostiako Udalak ez zuen errekurtsoa onartu "aipatutako euskara-hizkuntza-eskakizunaren eskakizuna justifikatuta" zegoela argudiatuz, herritarrei euskaraz erantzungo zaiela bermatzeko".

Partikular horrek Administraziorekiko Auzietarako Salan errekurtsoa ezarri zuen eta auzi horrek arrazoia eman dio orain, Donostiako Udalaren eskaera "diskriminatzailea" dela argudiatuta. EAEko Justizia Auzitegiak ezarritako bideari jarraituz, epaiak dio "administrazioak modua bilatu" behar duela "herritarrak berarekin euskaraz harremantzeko, horrek hizkuntza hori ezagutzen ez duten herritarrek lanpostu publikoak eskuratzeko garaian diskriminatorioa izan gabe".

Hala, euskaraz jakitea "eskubidea" dela nabarmentzen du epaiak, baina "ez betebeharra". Eta, hori dela eta, epailek dio "ez dela beharrezkoa udaltzain guztiek" euskaraz jakitea, "bikote bakoitzean batek jakinda nahikoa" litzatekeela, oro har.

Francisco Ignacio Lopez Lera abokatuak aurkeztu zuen errekurtsoa, Uliazpi eta Irungo auziak irabazi dituen profesional berberak. Radio Euskadiri egindako lehen balorazioan gustura agertu da epaiarekin. "Batzuk egiten dieten presio politikoaren gainetik, epaileek justizia aplikatzea besterik ez dute egiten, ez dago euskararen kontrako erasorik hemen" esan du, "justizia justizia" dela eta "oinarrizko eskubide batzuk beste eskubide hipotetiko batzuen gainetik" daudela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Euskaraz Donostia argazkiak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Epaiketak albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa