Gizartea -

ITSASOKO KUTSADURA

'Hiru Anaiak' eta 'Rokillo' ontziak prest daude itsasoko pelletak biltzeko

Plastikozko bolatxoak biltzeko sare bereziak dituzte Santurtziko portuan dauden bi ontzi hauek. Bitartean, arrantza ikuskapeneko ontzi batek bi egun daramatza isuria euskal uretara iritsi ote den zaintzen.

'Hiru Anaiak' eta 'Rokillo' ontziak prest daude itsasoko pelletak biltzeko. Argazkia: Irekia.
'Hiru Anaiak' eta 'Rokillo' ontziak prest daude itsasoko pelletak biltzeko. Argazkia: Irekia.
''Hiru Anaiak'' eta ''Rokillo'' itsasontziak, itsasoan pinportak biltzeko prest

0:42

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santurtziko portuan prest ditu Eusko Jaurlaritzak itsasoan pelletak bilduko dituzten lehen bi ontziak, Hiru Anaiak eta Rokillo izenekoak. Toconao ontziaren isurketen ondorioz plastikozko pinportak gure uretara iritsi daitezkeelakoan alerta-maila eta Euskadiko Larrialdi Plan Berezia -azken hau prebentzio gisa- ezarriak ditu EAEko gobernuak.

Itsasertza operatiboaren barruan, bi egun daramatza Ikuskaria izeneko ikuskapen ontziak hondakin plastikoak gure uretara iristen ari ote diren begiztatzen eta haize eta korronteen simulazio-patroien bilakaeraren jarraipena egiten.

Operatibo horri Hiru Anaiak eta Rokillo ontziak gaineratu zaizkio beharrezkoak izan ezkero. Ontzi hauetan oihal trinkoz eginiko neuston motako sareak jarri dituzte, 1.000 mikrako sare-argia eta 500 mikrako ordezkoa dutenak.

Lan egiteko modua ezaguna da bai arrantzaleentzat baita kanpaina zientifikoak egiten dituztenentzat ere: itsasoaren gainazalean pelleten edo zaborraren pilaketa bat ikusten denean, sarea jaurti eta herrestan eramaten da, hondakinen lerroari jarraituz. Sarea materialez beteta dagoenean, barruan pilatutakoa garbitu eta gauza bera egiten da berriz ere, orbana garbitu arte. 

Ontzian egindako proben ondoren, doikuntzak egingo dira operatiboan, eta, ontzat eman ondoren, itsasoan burutuko da estrategia bati jarraikiz. Ontzi bakoitzak laginak hartuko ditu egunero, itsasoaren gainazalaren sekzio beretan. Horri esker, pelleten etorreran aldaketa esanguratsurik badagoen ikusi ahal izango da.

EAEko zentro teknologikoekin eta arrantzaleen kofradiekin koordinatuta ari da zeregin honetan Eusko Jaurlaritza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Kutsadura