Gizartea -
INKESTA
Gizonen % 44k uste dute berdintasunaren sustapena "urrunegi" joan dela eta orain eurak direla baztertuak
Espainiako CIS inkesta etxeak egin berri duen inkesta baten arabera, emakumeen % 67,2k uste dute ezberdintasunak oraindik "oso handiak edo nahiko handiak" direla. Iritzi hori duten gizonen kopurua, berriz, % 48,2koa da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gizonen % 44k uste dute gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko politikak hain urrun joan direla, ezen orain gizonak beraiek direla baztertuta daudenak. Iritzi hori erabat okerra dela esan dute emakumeen % 65,5ek, eta % 67,2ren arabera, gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak "oso handiak edo nahiko handiak" dira.
Espainiako CIS inkesta-etxeak gaur kaleratutako inkestaren ondorio nagusienetakoak dira. 'Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko pertzepzioak eta genero-estereotipoak' goiburupean, gaiari buruzko lehendabiziko inkesta monografikoa plazaratu du gaur erakunde horrek. Iazko azaroan egin zen iritzi-bilketa, 16 urtetik gorako 4.005 pertsona elkarrizketatuta.
Genero-estereotipoei dagokienez, galdetutakoen % 66,5en iritziz, pornografia ikustea "gizonen kontua da, emakumeena baino gehiago", eta % 84,9rentzat ordainpeko sexu-harremanak izatea ere gizonen kontua da, batez ere.
Bestalde, inkestan parte hartu duten hamar emakumetatik zortzik esan du berdintasunik ez dela izango, gizonak emakumeen eskubideen aldeko borrokan murgiltzen ez diren bitartean. Gizonen % 48,2k partekatzen dute iritzi hori.
Egungo egoera duela hamarkada batekoarekin alderatuta, gizonen % 70,7k uste dute ezberdintasunak murriztu egin direla, eta iritzi berekoak dira emakume gehienak ere, % 67. Halere, hamarretik bik irizten dio egoera orain hamar urteko berbera dela.
Berdintasunaren sustapena urrunegi joan dela dioten gizon gehienak (% 60,6) aitortu dute azken hauteskunde orokorretan Voxi eman ziotela botoa, eta % 29,2k, Alderdi Popularrari.