Gizartea -
GASTEIZ
Hau da Jundizko istripuaz orain arte dakiguna
Ostiraletik larunbaterako goizaldean Jundizko industrialdean gertatutako istripuan 18 urteko neska bat eta 21 urteko mutil bat hil ziren.
EITB Media
21 urteko gizon bat eta 18 urteko emakume bat hil ziren larunbat goizaldean Gasteizen, Jundizko industrialdean, bi autok talka eginda. Hau da orain arte Jundizko istripuaz dakiguna.
- Bi hildako eta hiru zauritu
Potentzia handiko BMW batek eta Volkswagen Polo batek talka egin zuten ostiraletik larunbaterako goizaldean Jundizko industrialdean, eta, ondorioz, auto txikian zihoazen 21 urteko gizon bat eta 18 urteko emakume bat hil ziren. Halaber, auto horretako gidaria, 20 urteko gizona, larri zauritu zen eta ibilgailu horretako laugarren bidaiaria, gidariaren alboko eserlekuan zihoan emakume bat, arin zauritu zen. Horrez gain, BMWko gidaria arin zauritu zen.
- Legez kanpoko lasterketaren hipotesia ia guztiz baztertu dute
Gasteizko Udaltzaingoak ezbeharraren nondik norakoak ikertzen jarraitzen du. Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Segurtasun eta Trafiko zinegotziak "zuhurtziaz" hitz egin du, baina ia guztiz baztertu egin du bi ibilgailuak legez kontrako lasterketa batean parte hartzen ari zirela. "Ez du zentzurik, BMWan pertsona bakarra zihoan, eta Poloan, lau", erantsi du.
Lehen zantzuen arabera, BMWa abiadura bizian zihoan bidera ateratzen ari zen Volkswagen Poloa jo zuen.
- BMWko gidaria ikertzen ari dira ausarkeriaz gidatzeagatik
Gasteizko Udaltzaingoa BMWko 23 urteko gidaria ikertzen ari da, bide segurtasunaren aurkako delitu batengatik ustez ausarkeriaz gidatzeagatik.
- Herritarren laguntza
Istripua ikusi zuten herritarrei dei egin diete Gasteizko Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko, 092 edo 945 158 000 telefonoen bidez. Hainbat pertsonak lekuko gisa deklaratu dute, eta ezbeharrean arin zauritutakoak ere galdekatu behar dituzte oraindik.
- Jundizko segurtasun kamerak
Jundizko industrialdeko enpresetako segurtasun kamerek grabatutako irudiak eskatu dituzte, istripuaren nondik norakoak argitzen saiatzeko.
- Poliziaren presentzia
Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Segurtasun eta Trafiko zinegotziaren hitzetan, Udaltzaingoak zaintza lanak egin zituen ostiralean Jundizen, 23:00etatik 01:30era. "Tarte hartan ez zen aparteko ezer gertatu, eta zeuden ibilgailu gehienak, 50 bat, joan egin ziren. Polizia joan zenean auto batzuk baino ez ziren geratzen han, eta tartean ziren istripua izandako biak", argitu du.