Gizartea -

HAUTAKETA PROZESUA

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen azken LEP-eko plaza kopurua bikoiztea erabaki dute, 212tik 410era

Plazen igoera horretan, Bilboko eta Donostiako udaltzaingoenak nabarmentzen dira, 3 plaza izatetik 60 plaza izatera eta plaza bakarra izatetik 41 izatera igaroko dira, hurrenez hurren.

Ertzaintzaren azken promozioa, Arkauten. Argazkia: EFE
Ertzaintzaren azken promozioa, Arkauten
Ertzaintzaren azken promozioa, Arkauten. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta EAEko 8 udalek bikoiztu egin dute Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren azken LEP-etik aterako den plaza kopurua. Bilboko eta Donostiako Udaltzaingoetakoak dira igoera nabarmenenak: 3 plaza izatetik 60 plaza izatera Bilbon eta plaza bakarra izatetik 41era Donostian, hain zuzen ere.

2023ko urtarrilean, orotara 212 plaza deitu zituzten Ertzaintzan eta Udaltzaingoan aritzeko. Orain, hautaketa-prozesua amaitzen ari denean eta behin betiko emaitzak argitaratu aurretik, Jaurlaritzak eta deialdia egin zuten zortzi udalek 410 plaza izatea erabaki dute.

Gauzak horrela, LEP horren bitartez 210 udaltzain sartuko dira EAEko 31 udaletan, eta 200 agente berri Ertzaintzan, bai oinarrizko eskalan, eta baita Ikerketa Kriminala eta Bide Segurtasuna espezialitateetan.

LEP honetan hautatutako pertsonak udaberrian hasiko dira prestakuntza jasotzen, eta datorren urtean hasiko dira lanean. 

Plazak Ertzaintzan

Ertzaintzako 200 plazen banaketa honako hau izango da: 107 plaza (57 berri), Ikerketa Kriminaleko espezialitatean. Horietatik 86k Ertzaintzaren 1. mailako derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna dute.

Beste 66 (16 berri), Bide Segurtasuneko espezialitatearekin sartuko dira. Horietatik 53k Ertzaintzaren 1. mailako derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna dute.

Azkenik, Ertzaintzaren oinarrizko eskalako 27. Plaza horiek guztiek Ertzaintzaren 1. mailako derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna dute (B2 Europako esparruan).

Plazak Udaltzaingoetan

Euskal Autonomia Erkidegoko 31 udaletako udaltzaingoen oinarrizko eskalako 210 plazei dagokienez, gehienek Administrazio Publikoko 2. mailako derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna eskatzen dute (B2 Europako esparruan).

Plaza gehiago izango dituzten udalak honako hauek dira: Bilbo (3tik 60ra), Donostia (1etik 41era), Etxebarri (1etik 3ra), Getxo (2tik 19ra), Gorliz (1etik 2ra), Irun (5etik 6ra), Portugalete (3tik 9ra) eta 1etik 2ra Zamudioko Udaltzaingoan.

Deialdiko plazei eutsiko dietenak: Amurrio (plaza 1), Andoain (3 plaza), Aretxabaleta (plaza 1), Arrasate (2 plaza), Arrigorriaga (plaza 1), Basauri (plaza 1), Bermeo (2 plaza), Eibar (3 plaza), Errenteria (12 plaza), Gernika-Lumo (2 plaza), Hondarribia (plaza 1), Lasarte-Oria (3 plaza), Mungia (2 plaza), Pasaia (3 plaza), Santurtzi (8 plaza), Sestao (6 plaza), Sopela (2 plaza), Soraluze (plaza 1), Tolosa (plaza 1), Gasteiz (2 plaza), Zarautz (2 plaza) eta Zumarraga (8 plaza) eta Zizurkil (plaza 1).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak