Gizartea -

OSASUNA

Lizarrako ospitaleko erditze zerbitzua datorren astelehenean jarriko dute berriro martxan

Iazko abenduaren hasieran, aldi baterako itxi egin zuten erditzeko unitatea Garcia Orcoyen Ospitalean, profesionalak falta zirela argudiatuta. Protesta ugari eragin zituen erabakiak.

Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitala, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitala, artxiboko irudi batean.
Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitala, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zazpi astez itxita egon ondoren, datorren astelehenean, urtarrilak 22, jarriko dute berriro martxan Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitaleko erditze zerbitzua. Ginekologia eta obstetrizia unitateetako profesional faltaren ondorioz, aldi baterako bertan behera utzi zuten erditzeko unitatea iazko abenduaren 5ean, eta ordutik, Iruñeko eta Tuterako erietxeetan artatu dituzte zerbitzua behar izan duten Lizarraldeko emakumeak.

Fernando Dominguez Nafarroko Gobernuko Osasun kontseilariak eman du irekieraren berri, UPNko Leticia Martinek Nafarroako Parlamentuan egin dion galderari erantzun dionean. Zerbitzuak "normaltasuna" berreskuratuko duela esan du Dominguezek, eta "Lizarrako Osasun Barrutiko paziente guztiek segurtasuna eta asistentziaren kalitatea bermatuta" izango dituztela gehitu du.

Erantsi duenez, besteak beste, "Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko profesionalen lankidetzari esker" lortu dute Lizarrako erietxeko lantaldea osatzea, eta, hori dela eta, bertako "ginekologia eta obstetrizia zerbitzuak dagoeneko profesional gehiago ditu".

Bide batez, arazoa bideratzeko ahalegina egin duten osasun langile guztien lana txalotu eta eskertu du kontseilariak, erakutsi duten "konpromisoagatik". "Bereziki azken hilabeteotan, bikaina izan da egin duten lana eta eman duten erantzuna", adierazi du.

Hainbat datu eman ditu Dominguezek. Horren esanetan, erditze zerbitzua bermatzeko, "astelehenetik igandera, 24 orduetan, bi profesional" behar dira, eta baldintza hori betetzen ez zelako itxi zuten unitatea. Berriro egoera bera errepikatuko balitz, neurriak hartuko dituztela esan du. "Pazienteen segurtasuna bermatuta ez badago, beharrezko neurriak hartuko ditugu, herritarren gustukoak ez direla izango jakinda ere", adierazi du.

Protesta ugari eragin zituen abenduaren lehendabiziko asteetan Garcia Orcoyen Ospitalean erditze zerbitzua bertan behera uzteak. 63.000 herritarren erreferentziazko erietxea da, eta eskualde osora zabaldu ziren mobilizazioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Lizarra Nafarroako Ospitale Gunea Osasunbidea