Gizartea -
EUSKO LEGEBILTZARRA
EH Bilduk Trans Legearen erreforma babestu egingo du, EAJ eta PSE-EE alderdiekin akordioa lortu ondoren
Koalizio independentistak esan du "jatorrizko testuan hainbat hobekuntza" txertatzea lortu dutela. "Transfobia eta gorroto diskurtsoak areagotzen ari diren honetan, garrantzitsua da legeak babes zabala izatea", esan du EH Bilduk.
EITB MEDIA
Trans Legea erreformatzeko EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk egindako lege proposamena babestu egingo du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, jeltzaleekin eta sozialistekin akordioa lortuta. Horren arabera, koalizioak egindako hainbat proposamen jasoko dira jatorrizko testuan. Txostena gaur onartuko da, batzordean.
Ikoitz Arrese EH Bilduren legebiltzarkideak ohar batean jakinarazi duenez, "hainbat hobekuntza txertatzea" adostu dute EAJrekin eta PSE-EErekin, eta horri eskerrak, "trans pertsonen eskubideak hobeto defendatu eta bermatuko dira". Legeak izango duen babes parlamentario zabala nabarmendu du: "Oso garrantzitsua da Legebiltzarrean adostasuna hain handia izatea eta jendarteari mezu argi bat bidaltzea, LGBT+fobiak eta transfobiak oso presente jarraitzen dutelako eta eskuin muturretik gorroto diskurtsoak elikatzen ari direlako".
Legean txertatuko dituzten "hobekuntzen" artean, ondorengoak aipatu ditu Arresek: batetik, "legeak trans pertsonei buruz hitz egingo du, definizio inklusibo bat eginez, transexual eta transgenero bezalako kontzeptuak gaindituz", eta bestetik, "legeak trans pertsonen eta mugimenduaren memoria berreskuratzeko eta zabaltzeko egun bat izendatzea jasoko du, bai eta aitortza eta oroimen espazioak sortzea ere".
Bestalde, EH Bilduk azpimarratu du legeak "lan hitzarmenetan klausulak txertatzea" ere bultzatuko duela, "enplegu arloan, pribatuan zein publikoan, trans pertsonen diskriminazioa saihesteko".
Gainera, oharraren arabera, "gizarte-zerbitzuen hasierako esku-hartzea" aurreikusiko du legeak, "familietan gatazka edota sufrimendu egoerak gertatuz gero, adin txikiko trans pertsonen aitortza dela eta".