Gizartea -
Indarkeria matxista
Beste hiru emakumek salaketa aurkeztu dute Tolosako osteopataren aurka
Guztira, sei emakumek aukeztu dute salaketa dagoeneko. Ertzaintzak biktima gehiago egon daitezkeela uste du eta salaketa jartzeko gomendatu die. Ustezko erasotzaileak karguekin aske jarraitzen du.
EITB Media
Beste hiru emakumek jarri dute salaketa Tolosako osteopataren aurka, Ertzaintzak EITBri baieztatu dionez. Aurrez, hiru emakumek salatu zuten gizona osteopatia saio batean ukituak eta sexu-askatasunaren aurkako delituak jasan izana egotzita.
Ertzaintzak biktima gehiago egon daitezkeela uste du, eta horregatik Oriako ertzain-etxean salaketa jartzeko gomendatu die biktimei.
Aurrez salatutako bi kasuetan, gertakarien ustezko egileak masaje-saioa hasten zuen bizkarreko, lepoko edo gerrialdeko eremuetan, baina, handik gutxira, gizonaren manipulazioa eremu intimoetara iritsi zen, inolako baimenik gabe. Gertakariak jazo ziren unean, bi kasuetan, ustezko erasotzailea eta haren biktima kontsultategian bakarrik zeudenean gertatu ziren, eta gizonak masaje-saioan izandako jokabidearen beldur ziren emakumeak.
Lehen bi salaketen ondoren, ustezko erasotzailea hilaren 21ean atxilotu zuten, eta, handik bi egunera, epailearen aurretik igaro ostean, karguekin aske utzi zuten.