Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon talde batek hainbat emakume jazarri ditu Donostiako Antigua auzoko jaietan
Udalak "babesa eta elkartasuna" adierazi die eraso horien biktimei. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ez zuten salaketarik jaso, baina puntu more batean eman zuten horren berri.
EITB Media
Gizon talde batek hainbat emakume jazarri zituen Donostiako Antigua auzoko jaietan. Hiriburuko Udalak adierazpen bat onartu du, Udalbatzan ordezkatuta dauden talde politiko guztien babesarekin, "jazarpen" horren aurrean "erabateko gaitzespena" adierazteko.
Era berean, "babesa eta elkartasuna" adierazi die eraso horien biktimei, eta horien senide eta hurbilekoei. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ez zuten salaketarik jaso, baina puntu more batean eman zuten horren berri.
Udalak indarkeria-egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiei jakinarazi die, laguntza behar badute eta nahi badute, euren eskura dituztela udal zerbitzu eta baliabideak.
Udalaren esanetan, horrelako erasoak "gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero-desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarriena dira".
Erakundearen ustez, "ezinbestekoa" da lanean jarraitzea, hiriko "eragile sozial, feminista eta gizarte eragileekin" batera, balioetan oinarritutako hezkuntzaren eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde, eta beharrezkotzat jo du "egunero horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan esku hartzen jarraitzeko beharra" azpimarratzea.
Azkenik, Udalak bat egin du Gipuzkoako hiriburuan egiten diren erasoak gaitzesteko protestekin.