Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Laudio B.C. Eskubaloi Taldeak entrenatzaile bat kanporatu du adingabe bati sexu erasoa egiteagatik

Ertzaintza kasu honen inguruko salaketa bat ikertzen ari da. Entrenatzaileak, arbitro lanetan ari zela, ipurdia ukitu zion ikusle adingabe bati larunbatean.

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laudio B.C. Eskubaloi Taldeak entrenatzaile bat kaleratu du adingabe baten kontrako sexu erasoa egitea egotzita, klubak berak sare sozialetan argitaratutako oharrean salatu duenez.

"Laudio Eskubaloi Klubetik jakitera eman nahi dugu La Granjako kiroldegian jokatu zen gizonezko kadeteen partiduan gertatutakoa: epaileak ipurdian jo zuen adin txikiko neska bat, haren baimenik gabe. Klubetik biktima eta haren senideak gertatutakoa Ertzaintzan salatzera animatu ditugu", dio oharrak.

Ertzaintzak eitb.eus-i baieztatu dionez, ikerketa irekita dago salaketa bat jaso ostean.

Epaile ari zen pertsona klubeko entrenatzaile bat ere bazela argitzen du oharrak, eta gertatutakoaren ondoren, kaleratu egin dutela. Radio Llodiok zabaldu duenez, erasoa partidaren atsedenaldian gertatu zen, bigarren zatia hasi baino minutu batzuk lehenago.

"Laudio Eskubaloi Klubetik horrelako jokabideak erabat gaitzetsi nahi ditugu eta horiek salatzera bultzatu", gaineratu du klubak.

Laudioko Udalak adingabekoaren eta haren familiaren esku jarri ditu "beharrezko baliabide guztiak", eta eskerrak eman dizkio Laudio B.C. taldeari izan duen jarreragatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Laudio Eskubaloia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak azken ordukoa Sexu erasoak Aiarako kuadrilla gaur