Gizartea -
Kondena
10 eta 20 urte bitarteko espetxe zigorrak, Alexandru Ionita egoera begetatiboan utzi zuten gazteei
Auzitegiak frogatutzat jo du erasotzaileek "lintxamendua" egin zutela eta biktimak ez zuela defentsarik izan, ezta ihesbiderik ere, eta azpikeriaz jokatu zutela. Halaber, auzipetu guztiak, bat izan ezik, "talde kriminal bateko kide" zirela uste du.
EITB Media
Bizkaiko Auzitegiak 20 urteko kartzela-zigorra ezarri die 2021ean Alexandru Ionita gazteari jipoia eman eta egoera begetatiboan uzteagatik auzipetutako lau gazteri. Talde kriminaleko kide izanik, hilketa saiakera delitu baten egileak izatea leporatzen die.
Gainera, beste auzipetu bati 14 urteko kartzela-zigorra ezarri dio delitu berberengatik, anomalia psikikoa aringarria dela iritzita.
10 urteko espetxe-zigorra jarri dio seigarren akusatu bati, talde kriminaleko kide den hilketa saiakera delitu baten konplize izateagatik, eta auzipetuetako zazpigarrenari 12 hilabeteko isuna (egunean 10 euro ordaindu beharko ditu).
Auzitegiak frogatutzat jo du erasotzaileek "lintxamendua" egin zutela eta biktimak ez zuela defentsarik izan, ezta ihesbiderik ere, eta azpikeriaz jokatu zutela. Halaber, auzipetu guztiak, bat izan ezik, "talde kriminal bateko kide" zirela uste du.
Epaian, Bizkaiko Auzitegiak ebatzi du 2021eko uztailaren 25ean auzipetuak "ados jarri zirela" Ionita hiltzeko. Biktima inguratu zuten, eta "modu koordinatuan" jipoia eman zioten, objektu ezberdinak erabilita eta buruan "sekulako hemorragia" eragin zioten ostikoen bidez.
Hartara, auzitegiak iritzi dio "lintxamendua" egon zela, eta biktimak ez zuela bere burua defendatzeko aukerarik izan. Era berean, frogatutzat jo du auzipetu guztiak, bat salbu, "Hermanos Koala" izeneko taldeko kide direla. Hain zuzen ere, delituak egiteko asmoz biltzen zen talde hori.
Kartzela zigorrak ez ezik, Ionitari 1.071.509 euroko kalte ordaina ematera ere zigortu dituzte gazte horiek. Ionitaren gurasoei, bestalde, 20.000 euroko kalte ordaina eman beharko diete.
Bestalde, Alexen familia pozik agertu da Bizkaiko Auzitegiak emandako epaiarekin, izan ere, zigor txiki bat "ez zen bidezkoa izango gazteak jasan dituen kalteen eta zaurien larritasunaren aurrean".
Astearte honetan epaiaren berri izan ostean, Mariana Tulbure biktimaren familiaren abokatuak hedabideei azaldu die, amarekin batera, "nahiko urduri" jaso dutela ebazpena, baina "oso ondo" atera dela. Adierazi duenez, "lortu duguna baino gutxiago ez zen bidezkoa izango".
Gaztearen ama "oso pozik" dago, baina epaiak familiaren mina "apur bat" arintzen duen arren, "Alexi egin diotena ezin zaio ordaindu ez kartzelarekin, ez diruarekin, ez ezerekin". Gainera, epaiketaren azken egunean bost akusatuk egindako barkamen eskaera ez zela "bihotzarekin" egin uste du.
Hogei bat lagunek hartu zuten parte
Esan bezala, 2021eko uztailaren 25ean gertatu zen erasoa, Zornotzan. Han, 15 eta 38 urte bitarteko gizon talde batek Alexandru Ionita jipoitu zuen, konorterik gabe utzi arte. Makilak erabili zituzten horretarako, baina ukabilkadak eta ostikoak ere eman zizkioten, larri zauritu arte. Koman egon zen, eta gaur egun egoera begetatiboan dago.