Gizartea -

EPAIKETA

Sei urteko kartzela-zigorra ezarri diote Altzan beste gizon bat hil zuen gizonari

Fiskaltzak eta defentsak akordioa lortu dute, eta akusatuak hilketa onartu du. Halaber, 59.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio hildakoaren familiari.

Altzako hilketari buruzko epaiketa. Argazkia: EFE
Altzako hilketari buruzko epaiketa
Altzako hilketari buruzko epaiketa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2021ean Donostiako Altza auzoan gizon bat hil zuen gizonari sei urteko kartzela-zigorra ezarri dio epaileak, akusatuak hilketa onartu eta Fiskaltzak eta haren defentsak akordioa lortu ondoren.

Auzipetuak onartu egin du berak hil zuela 50 urteko donostiarra, eta, damua agertzearekin batera, barkamena eskatu die hildakoaren senideei. Halaber, kondenatuak 59.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio hildakoaren familiari, eta 25.000 euro gaur bertan ordaindu dizkio. 

Fiskalak aringarriak ezarri dizkio drogak kontsumitzeagatik eta buruko gaitzak izateagatik, eta eragindako kaltea konpontzeko diruaren zati bat ordaindu izana ere ezinbestekoa izan da fiskalak hasierako 12 urteko kartzela-zigor eskaria jaisteko.

Halaber, kartzela-zigorra bete ondoren, zaintzapeko askatasuna izango du bost urtez.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegian gaur zen hastekoa epaiketa, herri-epaimahaia aukeratuta. Hala ere, azkenean ez da horrela izan, auzipetuak hilketa onartu eta defentsak eta fiskalak akordioa lortu dutelako.

Horrenbestez, epaileak sei urteko kartzela-zigorra ezarri dio auzipetuari, legeak aurreikusten duen handiena horrelako akordioetarako.

Fiskaltzaren akusazioaren arabera, hilketa 2021eko ekainaren 26an gertatu zen, Donostiako Altza auzoko txabola batean. Biktimak eta akusatuak elkar ezagutzen zuten, eta egun hartan elkarrekin egon ziren inguruko tabernetan; gainera, substantzia estupefazienteak kontsumitu zituzten elkarrekin. Akusatuari jolas-makinetan sari bat egokitu zitzaion geroago, lagunak droga edo irabazitako sariaren zati bat kendu ziola susmatu, eta jipoitu egin zuen; horrek eragin zion heriotza.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Gipuzkoako albisteak Delituak bideoak Epaiketak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erailketak