Gizartea -
EGURALDIA
Aste hasiera nahasia, baina hobetu egingo du asteartetik aurrera
Astelehenean, euria espero da ipar partean eta izotza hegoaldean. Ostegunean, giroa hoztuko da eta euria egingo du berriro.
eitb media
Datorren aste hasieran, aurreko egunetan baino eguraldi nahasiagoa izango dugu, eta euria espero da ipar partean eta izotza hegoaldean, lehenengo orduetan.
Igandea giro argiarekin hasi dugu, nahiz eta zerua tarteka erdi-mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin lausotuta agertu. Arratsaldean, ipar-mendebaldeko haizeak hodei trinkoagoak bultzatuko ditu gurera, eta gauean euritara joko du isurialde atlantikoan. Tenperatura maximoek gora egingo dute apur bat, eta 15-17 ºC-ra iritsiko dira. Goizeko lehen orduak hotzak izango dira, izotza egingo du Araba eta Nafarroako txokoetan eta laino itxia agertuko da barnealdeko zenbait bailaratan.
Astelehenaren hasieran, hodeiak nagusituko dira eta euri apur bat egingo du egunaren lehen zatian, batez ere isurialde atlantikoan; Nafarroa hegoaldera eta ekialdera ez da euria iritsiko, eta hodeitza saretuago egongo da bertan. Arratsaldean, ostarteak nagusituko dira, baina hodeiek gehiago iraungo dute isurialde atlantikoaren ekialdean. Egunez giroa freskoagoa izango da, baina tenperatura minimoak gora egingo du eta izotz kontuak desagertu egingo dira. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean eta Ebro ibarrean indartsuago.
Asteartean, eguzkia bueltan izango da. Egunaren hasieran, hodeien hondar batzuk geratuko dira isurialde atlantikoaren ekialdean, baina goizak aurrera egin ahala desegiten joango dira. Giro eguzkitsua nagusituko da, goi-hodei batzuk baino ez ditugu ikusiko, eta eguneko tenperatura zertxobait igoko da; maximoek 15 ºC-ren muga gaindituko dute. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da goizean, eta ekialdekoa eta ipar-ekialdekoa izango da arratsaldean. Goizaldean, tenperatura hotzagoa izango da, eta baliteke izotza egitea Araba eta Nafarroako zenbait tokitan.
Asteazkenerako, eguzki gehiago eta tenperaturen igoera espero da, baina ostegunean eta ostiralean giroa nabarmen hoztuko da eta euria egingo du.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.