Gizartea -
NAFARROA
2 urteko mutiko bat kalean bakarrik eta noraezean aurkitu dute Tuteran
Bertako Udaltzaingoak jakitera eman duenez, etxetik bakarrik atera zen, antza, ez zegoelako inor bere kargura. Umearen ama taberna batean aurkitu zuten "mozkortuta".
EITB MEDIA
2 urteko mutiko bat kalean bakarrik eta noraezean aurkitu zuten atzo, 09:30 aldera, Tuteran. Hango Udaltzaingoak jakitera eman duenez, "erdi biluzik eta oinutsik" zegoen haurra.
Herritar batek ikusi zuen umea, eta hark eman zien abisua udaltzainei. Gertakariaren berri emateko zabaldu duten oharrean, agenteek azaldu dute haurra bere kabuz atera zela kalera, etxean inor ez zegoelako haren kargu.
Antza, mutikoaren izeba batekin berehala jarri ziren harremanetan, eta hark hartu zuen umearen ardura. Handik ordubete ingurura, ama taberna batean "mozkortuta" aurkitu zutela azaldu du Udaltzaingoak.
Emakumeari gertatutakoaren berri eman ondoren, kasua Udaleko gizarte zerbitzuen esku utziko zutela esan zioten, eta adingabeak abandonatzea delitua lepora diezaioketela, ere bai.