Gizartea -
Trafikoa
Lau pertsona erreskatatu dituzte Lesakan, autoarekin mendi mazela batetik behera 100 metro erori ostean
Hiru onik atera dira, baina 17 urteko mutiko bat ospitalera eraman behar izan dute traumatismo ugari zituelako.
eitb media
Nafarroako larrialdi zerbitzuek autoarekin mendi mazela batetik behera 100 metro erori diren lau pertsona erreskatatu dituzte bart Lesakan (Nafarroa).
SOS Nafarroak 01:15 aldera jaso du ezbeharraren abisua, eta Oronozko, Cordovillako eta Lesakako suhiltzaileak eta erreskate talde bereziak bertaratu dira, anbulantzia eta foruzainekin batera.
Foruzaingoaren arabera, larrialdi zerbitzuak bertaratu direnean, lau bidaiarietako hiru autotik aterata zeuden, onik, baina 17 urteko mutiko batek ezin izan du autoa utzi, eta larrialdi zerbitzuek erreskatatu, eta Irungo (Gipuzkoa) Bidasoko Ospitalera eraman dute, traumatismo ugari zituelako. Toki zailean ibili direnez, erreskateak luze jo du, eta 04:30 aldera amaitu da.
Basoko bide batetik zihoan autoa istripua izan duenean. Argitzeke dauden eta Foruzaingoa ikertzen ari den arrazoiak direla medio, ibilgailua bidetik irten eta mendi mazela batetik behera erori da 100 metro inguru.