Gizartea -
HIZKUNTZA OFIZIALAK
Euskararen, katalanaren eta galegoaren ofizialtasunaren gaia berriro aztergai izango dute EBko kideek Bruselan
Gai Orokorren Kontseiluaren gaurko gai-zerrendan dago gaia jasota. Dena dela, ez da ezer erabakitzea espero.
EITB MEDIA
Euskararen, katalanaren eta galegoaren ofizialtasunaren gaia berriro jorratuko dute gaur Europar Batasunaren Gai Orokorren Kontseilua osatzen duten ministroek. Bileraren gai-ordenan zehazten denez, gaia zertan den azaltzea da helburua, eta beraz, ez da ezer eztabaidatuko, ez bozkatuko.
Bilera aurretik Espainiako Gobernuak gainerako estatu kideei igorritako oharrak dio hiru hizkuntza horien ofizialtasuna lortzea "lehentasunezko gaia" dela Espainiarentzat, hizkuntza aniztasuna "espainiarren nortasunaren parte" delako. Ezaugarri hori herrialdearen "egitura politiko eta konstituzionalei" atxikita dagoela ere badio idatziak.
Bere aldetik, Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak atzo Bruselan esan zuen bere Gobernuak gai honetan mahai gainean jarri dituen argudioak "sendoak eta bidezkoak" direla, eta PPri horiek babesteko eskatu zion.
"Alderdi Popularrak nahiko balu, bihar bertan (gaur) Europako Parlamentuak lan hizkuntza gisa aitortuko lituzke katalana, euskara eta galegoa. Eta popularrek gobernatutako herrialdeei gaia hobeto azaltzen lagunduko baligu, ofizialtasuna ere lortu ahal izango genuke", esan zuen.
Iaz, Espainiako Gobernua prest agertu zen Europar Batasunean euskara, katalana eta galegoa ofizial egiteak eragingo lituzkeen kostuak bere gain hartzeko. 132 milioi euro inguru izango direla aurreikusten da.