Gizartea -
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA
Dani Alvesek milioi bat euroko fidantza ordaindu du, eta aske geratuko da datozen orduetan
Futbolariak epailearen agindua jaso eta bost egunera lortu du dirua biltzea eta auzitegiari ematea, bortxaketagatik preso dagoen espetxetik ateratzeko.
agentziak | eitb media
Dani Alves futbolaria libre geratuko da gaur Bartzelonako Auzitegian milioi bat euroko fidantza ordaindu ostean. Auzitegiak jada eman du fubolaria libre uzteko agindua, eta Alves behin behinean geratuko da aske, bere aurkako ebazpenaren aurka aurkeztutako helegiteak argitu bitartean.
Futbolari brasildarrak lau urte eta erdiko kartzela-zigorra jaso zuen 2022ko abenduaren 30ean egindako bortxaketa batengatik, eta 2023ko urtarriletik dago preso.
Auzitegiaren gehiengoak (boto partikular bat egon zen, aske uztearen kontra) behin-behinean aske uztearen alde egin zuen asteazkenean, eta milioi bat euroko fidantza ezarri zion. Futbolari ohia ezingo da Espainiako Estatutik irten, bi pasaporteak (brasildarra eta espainiarra) entregatu, eta astero epaitegian agertu beharko du.