Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia aktibatuta Euskal Herrian, Erriberan salbu, haizeagatik
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 15:00etatik 00:00etara egongo da indarrean abisua; Nafarroan, 14:00etatik 22:00etara, eta Ipar Euskal Herrian, 12:00etatik gauerdira. Horrez gain, ostiralera arte, itsasaldeko arriskuagatik beste bi abisu aktibatuko dituzte.
EITB MEDIA
Atzo gertatu bezala, gaur ere Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia aktibatu du 15:00etan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait puntutan 100 km/h-tik gorako haize boladak espero baitituzte.
Gaur, osteguna, haizeari dagokion abisu horia 15:00etan sartu da indarrean, eta gauerdian amaituko da, 100 km/h-tik gorako ufadak neurtuko baitira haizeguneetan, batez ere mendebaldean. Horrez gain, haizeguneak ez diren eremuetan 60-80 km/h-koak izan daitezke.
Halaber, nabigaziorako arriskuagatiko abisua indarrean egongo da egun osoan zehar eta itsasgorarekin bat egiten duen kostaldeko inpaktuagatik, 05:00etatik 07:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Ostiralean ez da hain haize zakarra ibiliko, eta Segurtasun Sailak itsasaldeko arriskuagatik ezarritako bi abisu horiei bakarrik eutsiko die. Bata nabigaziorako, 00:00etatik 06:00etara, eta bestea kostaldeko inpaktuagatik (05:00-08:00).
Abisuak Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian
Aemetek zabaldutako informazioaren arabera, gaur haizeari dagokion abisu horia 14:00etatik 22:00ak arte egongo da indarrean lurraldearen ipar eta erdian. Pirinioetan, berriz, 14:00etatik ostiraleko 06:00ak arte egongo da indarrean.
Horrez gain, Meteofrancek alerta laranja eta abisu horia iragarri ditu haizeagatik, Pirinio Atlantikoetan. Zehazki, Ipar Euskal Herrian 12:00etatik 15:00etara alerta laranja ezarriko dute eta orduan abisu horia izatera pasatuko da, gauerdira arte.
Ostiralera begira, Nafarroa iparraldea eta Pirinioak abisu horian egongo dira, 12 ordutan metro koadroko 40 litro pilatzea espero baita.
Halaber, Pirinioetan elurragatik ezarriko dute abisu horia 17:00etatik gauerdira arte, 900 metro inguruan elurra egin dezakeelako.
Donostiako Pasealeku berria, itxita ibilgailuentzat
Hain justu, olatu handiengatik ezarritako abisua tarteko, Donostiako Udalak Babes Zibilak Pasealeku Berria itxiko die ibilgailuei. Bertan sartzeko debekua gaurko 14:00etatik ostiraleko 08:00ak arte egongo da indarrean, Sociedad Fotograficatik aurrera. Gainera, Santa Klara irlara joatea ere debekatu egin dute itsasoaren egoeragatik.
Bestalde, Getxo eta Portugalete arteko Bizkaia Zubiaren goiko pasabidea itxita dago.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.