Gizartea -

Eguraldia

Beroa, 30 °C-rainoko maximoekin, eta hego-haizea protagonista

Hego-haize zakarra ibiliko da, eta zerua gris egongo da gehienean. Gainera, gandua sartuko da, eta hauts laino potoloa izango dugu asteburuan.

Uda giroko eguraldia izango da, oro har, asteburuan. Argazkia: EFE
Iluntze ikusgarria Ondarretako hondartzan.
Uda giroko eguraldia izango da, oro har, asteburuan. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tropikoz hegoaldeko aire-masa batek tenperaturak igoarazi ditu, eta hego-haizearekin batera, uda beteko eguraldia utziko digu asteburuan. Gaua epela izan da, eta txoko askotan ez dira 20 ºC-tik jaitsi. 

Larunbatean, beroarekin eta hegoaldeko haize zakarrekin jarraituko dugu. Tenperatura maximoak 25-30 ºC ingurukoak izango dira; gainera, goi-hodeiak eta hauts-gandua izanagatik ere, eguzkia ikusiko dugu. Arratsalderako, aldaketa espero da: haizeak ipar ipar-mendebaldera egingo du isurialde atlantikoan, eta hodei gehiago iritsiko dira; gainera, haizearen norabide aldaketarekin, tenperatura jaitsi egingo da pixkanaka. Ez da baztertzen gauean zaparrada trumoitsu batzuk botatzea.

Bezperan bezala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa abisupean izango dira haize-bolada gogorrengatik gauerditik eguerdira. Baso-suteak direla-eta, abisu horia egongo da indarrean 00:00etatik 21:00etara.  

Igandean, tenperaturaren jaitsiera eta zaparradak izango dira. Tenperatura nabarmen jaitsiko da, eta balio altuenak 18-20 ºC inguruan geratuko dira. Hodei ugari izango dira zeruan, eta baliteke noizbehinka zaparradak botatzea; ez da baztertzen tarteka trumoiak jotzea. Haizeak iparraldetik joko du.

Gandua nabarmena izango da asteburuko bi egunetan. Are gehiago, baliteke larunbat iluntzean harea-ekaitzak izatea. 

Astelehenean, euria egingo du egunaren bigarren partean. Haizea egun osoan nabarmenduko da, hego-mendebaldetik joko du lehenengo eta ipar-mendebaldetik helduko da arratsaldetik aurrera. Tenperatura pixka bat igoko da isurialde atlantikoan, eta berdintsu jarraitu edo apur bat jaitsiko da isurialde mediterraneoan. Zeruan ostarteak izango dira goizean, eta zerua estalita egongo da egunaren bigarren partean; euria egingo du orduan, batez ere isurialde atlantikoan.

Asteartean, tenperaturak jaitsi egingo dira baina atertzera joko du, eta eguraldi hobea espero da asteazkenetik aurrera, ostarte zabalagoekin.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak