Gizartea -
Sexu erasoa
10 urteko kartzela zigorra eskatu dute 13 urteko neska bati sexu erasoa egitea leporatzen dioten gizonarentzat
2022ko urtarrilean gertatu zen Gipuzkoako kostaldeko etxebizitza batean, adin txikikoak auzipetuaren etxean gaua pasatzea onartu ostean.
Agentziak | EiTB Media
Fiskaltzak 10 urteko kartzela zigorra eskatu du 13 urteko neska bati Gipuzkoako kostaldeko etxebizitza batean sexu erasoa egitea leporatzen dioten gizonarentzat.
EFE albiste agentziak zabaldutako Ministerio Publikoaren behin-behineko akusazio txostenaren arabera, sexu erasoa 2022ko urtarrilaren 23ko goizaldean gertatu zen, 04:00ak aldera. Fiskalaren txostenean irakur daitekeenez, adin txikikoak auzipetuaren etxean gaua pasatzeko gonbidapena onartu zuen non lo egin ez zeukalako.
Etxebizitzara iritsitakoan auzipetuak bere logelara eraman zuen adin txikikoa eta biak ohean etzan ziren. Minutu batzuk geroago, titiak ukitzen hasi zitzaion.
Halaber, biktimak behin birritan ezetz esan bazion ere, galtzak eta barruko arropa erantzi zizkion sexu erasoa goizalde hartan "hiru alditan" egiteko.
Hori guztia dela eta, sexu eraso delitua leporatzen dio akusatuari eta 10 urteko kartzela zigorra eskatu du ustezko erasotzailearentzat, baita 12 urtez biktimarengana gerturatzeko eta berarekin harremanetan jartzeko debekua ere.
Horrez gain, behin espetxealdia beteta, 15 urtez zaintzapean egon behar izatea eta adin txikikoekin lan egiteko 15 urte debekua eskatu du Fiskaltzak akusatuarentzat.