Gizartea -
Brody auzia
Epaileak Pedro Rocha inputatu du Espainiako Futbol Federazioaren ustezko kontratu irregularrengatik
Brody auziko epaileak erabaki du Espainiako Futbol Federazioko bitarteko presidentea lekuko izatetik ikertu izatera igarotzea. Espainiako Superkopa Saudi Arabian jokatzeko ustez Federazioak egindako irregulartasunak ikertzen ari dira.
Agentziak | EiTB Media
Pedro Rocha Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) bitarteko presidente izandakoa inputatzea erabaki du Luis Rubiales presidente zen garaian Espainiako Futbol Federazioaren baitan ustez egindako irregulartasunak ikertzen ari den Majadahondako epaileak.
Gaur goizean lekuko gisa deklaratzeko deituta zegoen, baina ikertu izatera igaro da.
Iturri judizialek baieztatu dutenez, duela egun gutxira arte Espainiako Futbol Federazioko bitarteko presidentea izan denaren deklarazioa bertan behera utzi, eta inputatu egin dute. 2023. urtearen amaieran, Rubiales presidente zela, Espainiako Futbol Federazioko presidenteorde izan zen.
Brody auziaren baitan, Espainiako Superkopa Saudi Arabian jokatzeko ustez Federazioak egindako irregulartasunak ikertzen ari dira. Zehazki, 2018tik 2023ra delitu hauek egin ote diren ikertzen ari da epailea: kapitalak zuritzea, administrazio desleiala eta ustelkeria negozioetan.