Gizartea -

TRAFIKOA

52 urteko motor gidari bat hil da Donostiako saihesbidean izandako istripu batean

Hildakoa emakume bat da. Ezbeharra 06:50ean jazo da GI-20 errepidean, Polloeko tunelaren eta Herrerako lotunearen artean. Ertzaintzak ikerketa abiatu du eta ezbeharraren lekukoak eskatu ditu. Halaber, La Salle ikastetxearen parean izandako beste istripu batek 5 kilometroko auto ilarak eragin ditu.

Ilarak sortu dira GI-20an, Bilboko noranzkoan. Argazkia: @TrafikoaEJGV
Ilarak sortu dira GI-20an, Bilboko noranzkoan.
Ilarak sortu dira GI-20an, Bilboko noranzkoan. Argazkia: @TrafikoaEJGV

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

52 urteko motor gidari bat zendu da gaur GI-20 errepidean (Donostiako saihesbidean) istripua izan ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. 

Iturrion arabera, ezbeharra 06:50ean jazo da errepide horretako 5. kilometroan, Polloeko tunelaren eta Herrerako lotunearen artean, eta Bilboko noranzkoan. Motozalea, emakume bat, bertan hil da. 

Hasiera batean, motor batek eta kamioi batek talka egin dutela jakinarazi badute ere, badirudi beste ibilgailuren bat egon daitekeela nahasita. Hori horrela, Ertzaintzak ikerketa abiatu du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko eta beste ibilgailuren bat nahasita egon daitekeen zehazteko. Hori dela eta, eta ezbeharraren lekuko izan daitezkeenei 943 53 91 25 telefonora deitzeko eskatu die. 

Errepidearen zati bat itxi dute —ibilgailuak bide bazterretik bideratu dituzte—, eta hiru kilometroko ilarak sortu dira Bilboko noranzkoan. 09:00etan, istripua izan duten ibilgailuak bidetik kendu dituzte, eta minutu batzuk geroago amaitu dira ilarak.

Hala ere, Donostiako saihesbidean gertatu den bigarren istripu batek 5 kilometrorainoko auto ilarak eragin ditu Bilborako noranzkoan. 08:30ak aldera, auto bat bidetik atera da eta errepidean gurutzatuta gelditu da. Autoaren gidaria Donostia Ospitalera eraman dute, zaurituta. Ibilgailua erretiratu eta bidea garbitu ostean, 10:30ak aurretik amaitu dira auto ilarak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Donostia Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Trafiko istripuen biktimak