Gizartea -
Eguraldia
Ostarteak eta hotz tarteak astebururako
Goiz hotzak espero dira datozen egunetan ere, baina eguzkia nagusituko da zeruan, eta giro atsegina izango da Euskal Herri osoan. Astelehenean, aldaketa nabarmena dator.
EITB MEDIA
Eguzkitsu dator aste bukaera. Ostiral, larunbat eta igandean, ostarte zabalak gailenduko dira zeruan, baina eguzkiak eskuarki ez du askorik berotuko.
Gaurkoa izango da egunik epelena. Tenperaturak 18-19 graduraino igoko dira eguerdi aldean, goiza hotzetik abiatu bada ere. Gradu bakar batekin esnatu dira gasteiztarrak, eta 0 gradu zeuden Agurainen goizeko lehen orduan. Iragarpenak bete dira, beraz, Segurtasun Sailak atzo jakinarazi baitzuen abisu horia ezarriko zuela Euskal Autonomia Erkidegoan tenperatura baxuengatik.
Larunbata
Egonkor eutsiko dio egunari larunbatak ere. Egunsenti hotza espero da biharko, Araban eta Nafarroan bereziki, eta izotza egingo du zenbait lekutan. Behe-lainoak ere bazter asko hartuko ditu lehen orduan, eta orduek aurrera egin ahala jasotzera egingo du eta zerua ia erabat garbi geratuko da. Ipar-ekialdeko haizeak, baina, ez ditu termometroak gehiegi berotuko. Aurreikusi dutenez, ostiralekoa baino hotzagoa izango da biharko eguna, maximoak 16 graduren bueltan geratuko baitira, bai kostaldean, eta baita barnealdean ere. Arratsaldean, fronte baten eraginez, hodeiguneak zabalduko dira ortzian, prezipitatzeko arriskurik gabe.
Igandea
Egun argia dator igandean, ipar-ekialdeko haizeak horretarako beta emango baitu. Balio altuenak 15-16 gradukoak izango dira, baina hotz sentsazioa aurreko egunetan baino nabariagoa izango da. Larunbatean bezala, goizaldeko hotza eta lainobera atzean utzi eta berehala garbituko da zerua.
Aldaketa nabarmenena astelehenean helduko da. Negu giro betean hasiko dugu astea, eta bide beretik eutsiko dio eguraldiak asteartean.